Maier Lizaso: "Ituna harrobiko gazteentzat izango da onugarria"

Gipuzkoako Hitza 2017ko uzt. 7a, 16:30
Maier Lizaso, ISBren lehendakaria.

Apirilean lortu zuen Sammic Iraurgi saskibaloi taldeak datorren denboraldian Espainiako Urrezko LEB ligan jokatzeko aukera. Gipuzkoa Basketek ACB ligara igotzeko baldintzak bete ezean, bi taldeak elkarren aurka ariko dira 2017-2018 denboraldian. Hori dela eta, bi klubek hitzarmena sinatu dute Gipuzkoako Foru Aldundiarekin. Maier Lizaso Iraurgi Saskibaloi Taldeko presidenteak (Azpeitia, 1973) azaldu duenez, hitzarmenak harrobia "egituratzeko" balioko du. Denboraldi honetako helburua "gozatzea" izango dela azaldu du.

Iraurgik Urrezko LEB ligan jokatuko du denboraldi honetan. Zein aurreikuspen dauzkazue? Mailari eustearekin gustura?

Gipuzkoako gizonezkoen saskibaloia egituratzeko hitzarmena sinatu berri dugu. Horren arabera, datorren denboraldian Urrezko LEB liga jokatuko dugu, kantxan lortu dugulako hor egotea; baina hurrengo denboraldian GBCk eta Iraurgik maila berean jarraitzen badugu, behera jaitsiko ginateke gu, Gipuzkoako bigarren talde gisa. Helburua, beraz, ez da mailari eustea, gozatzea baizik. Lortu duguna probatu eta gozatu egin nahi dugu.

Ados zaudete Gipuzkoako Foru Aldundiarekin sinatutako hitzarmenarekin eta diru laguntzekin? Hau da, GBCri 250.000 euro eta zuei 180.000 euro.

Azkenean, ados, ados… Ados ez da hitza. Horrela joan da. GBCk urte gehiago daramatza profesional mailan lehiatzen: ACB ligan ere aritu zen zenbait urtez, baita Urrezko LEB ligan ere… Oraintxe igo gara gu. Ondorioz, haiei dagokie Gipuzkoako piramidearen puntan egotea. Guk onartu egin dugu hori horrela dela, eta akordioa itxi dugu.

Denis Itxaso Aldundiko Kirol diputatuak esan zuen ez zela “komenigarria” gaur egun Gipuzkoako bi talde maila berean egotea. Kirol arloari dagokionez, hori al da errealitatea?

Oraindik ez dakigu GBCk zein aukera dituen mailaz igo eta ACB ligan jokatzeko: izen emateak ez dira zabaldu. Baina igotzeko itxaropentsu eta gogotsu daude haiek. Ez dakigu non lehiatuko den. Eskubidea dute kantxetan lortu zutena aldarrikatzeko. Beraz, oraindik ez dakigu zer gertatuko den. Urrezko LEB ligan gaude gu, eta komenigarria edo logikoa den ez dakit, baina futbolari begiratzea baino ez dago: Eibar eta Reala hortxe daude, biak maila berean lehiatzen. Urte bat lehiatuko gara, lortu dugun hori probatuz. Sasoi honetan hori da asmoa. Azken batean, bi taldetan ariko dira Gipuzkoako jokalariak, eta hori ona da guztiontzat.

Elkarrizketa osorik irakurgai, Gipuzkoako Hitzan.