Ehunmilakeko lasterkariak gauerdian hasiko dira Azpeitira iristen

Uztarria.eus 2017ko uzt. 7a, 15:09
Iazko Ehunmiliakeko irudi bat.

Gaur arratsaldean hasiko da Ehunmiliak proba Beasainen, eta gauerdian hasiko dira lasterkariak Azpeitira iristen. Xoxotetik, Erlotik eta herrigunetik pasatuko dira lasterkariak bihar goizera bitartean. Sei azpeitiarrek parte hartuko dute proban. Bestalde, zortzi azpeitiarrek parte hartuko dute gaur eta igandean jokatuko diren Goierriko 2 Handiak eta Marimurumendi probetan.

Gaur hasiko da Ehunmiliak probaren zortzigarren edizioa. Lasterkariak 18:00etan abiatuko dira Beasaingo Loinazko San Martin plazatik, eta hainbat herritatik pasatuko dira bihar arratsaldera bitartean. Tartean, Xoxotetik, Erlotik eta Azpeitiko herrigunetik. Gauerdian iritsiko dira lehen lasterkariak Azpeitiko parajeetara, eta 07:45ean azkenak. Herrigunean, gainera, kontrol puntua izango dute.

168 kilometro eta 11.000 metroko malda dituen ultra-trail proban 409 lasterkarik parte hartuko dute, eta horietatik sei izango dira azpeitiarrak: Pedro Maria Azpiazu, Raul Cuadrado, Iñigo Etxezarreta, Haritz Iturbe, Ibon Lazkano eta Artzai Ostolaza.

Aurtengo edizioan gora egin du lasterkarien kopuruak; izan ere, iaz baino 54 parte hartzaile gehiagok eta orain bi urte baino 137 gehiagok eman dute izena.

Lasterketa nagusia hasi eta ordu gutxi batzuetara, 23:00etan, abiatuko dira Goierriko 2 Handiak probako parte hartzaileak. Guztira, 515 lagunek parte hartuko dute Aralar eta Aizkorri lotzen dituen 88 kilometroko lasterketan. Probaren zortzigarren edizioa izango da aurtengoa, eta bost azpeitiarrek parte hartuko dute bertan: Aitor Cordoba, Beñat Lizaso, Joseba Ortega, Unai Urrestilla eta Unai Zubizarreta.

Bestalde, igandean jokatuko da Marimurumendi mendi maratoia. Hain zuzen ere, bigarrenez egingo dute proba, 09:00etan hasita. Parte hartzaileek 42 kilometro pasatxoko ibilbideari egin beharko diote aurre, eta 280 lagunek eman dute izena. Horietatik hiru izango dira azpeitiarrak: Aitziber Aizpuru, Aitor Gurrutxaga eta Aritz Iriarte.

Hainbat azpeitiar lasterketetan parte hartzeko behar den dortsala eskuratzeko itxaron zerrendan daude.