Musikari berrien erakusleiho

Uztarria.eus 2017ko uzt. 7a, 13:34

Euskal sortzaile berriek beste plaza bat izango dute aurrerantzean Azpeitian: Arkupea. Kulturaz kooperatibak Arkupehotsak egitasmoa jarri du abian. Gipuzkoako Hitzak egitasmoaren inguruko erreportajea egin du.

Euskal Herriko musikari berriei eta beren doinuei beste plaza bat eskaintzera dator Arkupehotsak egitasmoa. Azpeitiko Kulturaz kooperatibak jarri du abian proiektua, musika sortzaile berriei nahiz garatze bidean dauden musika proiektu berriei "plaza duin bat" eskaintzea helburu.

2011n hasi zen Azpeitiko Sanagustin kulturgunearen hegaldia, eta, orduz geroztik, Kulturaz kooperatibaren —hark kudeatzen du kulturgunea— xedeetako bat izan da sortzaile berriei babesa ematea, bere baliabideak eskainita.

Aitor Bengoetxea Kulturazeko kideak azaldu du azken urteetan jorratzen ibili diren "bi osagai garrantzitsu" uztartu dituztela sormenaren erakusleiho berria izango den Arkupehotsak proiektua ontzeko garaian: "Batetik, gure nahia da, eduki gisa, kultur jarduna modu integralean jorratzea, eta, kasu horretan, musikaren alorra bere zentzu eta adierazpenik zabalenetan lantzeko ahalegina egin dugu". Bengoetxearen hitzetan, programazioaz gain, horregatik aritzen dira hizketan sentsibilizazioaz, sormen prozesuez, publiko berrien sustapenaz eta formakuntzaz. "Bestetik, Arkupea oholtza dugu baliabide gisa".

Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.