Landeta nola eraberritu eta Urrestillako bidegorrian dagokion zatia nola egin aztertzen ari da Udala

Uztarria.eus | Hirigintza | Artikulua
2017-07-06 18:15

Proposamenak aurkeztu ostean, herritarren ekarpenak jaso nahi ditu Udalak. Horiek egiteko azken eguna uztailaren 29a izango da. Herritarrek udaletxeko Hirigintza sailean eta landetaberria@azpeitia.eus helbidera idatzita egin ditzakete ekarpenak.

Joan den urtarrilean pasabide berria jarri zuten Landetan.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Joan den astelehenean, uztailaren 3an, Landeta auzoko hirigintza lanen inguruan eta Urrestilla-Landeta bidegorriaren bueltan dituen proiektuak ta alternatibak aurkeztu zituen Udalak. Landetako eta Urrestillako dozenaka lagun hurbildu zen bilkurara. 

Landeta auzoa eraberritzea da Udalaren asmoa. Hiribideko zati bat berritu eta Bordatxo-Mendizabal tarteko kalea egokitu nahi ditu. Horretarako eta "bidea gurutzatzeko arriskuak ekiditeko", zebra bideak eta falta diren espaloi zatiak egingo dituztela azaldu zuen Aitor Bereziartua zinegotziak asteleheneko bilkuran. Horrez ga¡n, udal ordezkariak esan zuen, "autobus geltokiak eta zabor ontziak ondo egoteko gune egokia" sortu nahi dutela.

Bestalde, Udalak Bordatxo eta Mendizabal tabernen artean dagoen kaleko zati bat egokitu nahi duela azaldu zuen Bereziartuak. Proposamen hori, "kale horretan abiadura handian pasatzen diren auto eta kamioiek eragindako etengabeko kexen ondorioz eta Landeta Hiribidera duen irteera arriskutsua ekiditeko eskaerak jaso ondoren" egin duela esan zuen. Era bereran, gunea egokitzeko aukera ezberdinak aurkeztu zituen Bereziartuak: Bideak norabide bakarrekoa edo bikoa izan behar duen eta  itxi behar den edo ez. Bidea ixteaz, auzotarrekin adostu nahi dute noiz eta zenbat denboraz itxi.

Bidegorriaren zatia

Landetako hirigintza proiektua ez ezik, Udalak hizpide izan zituen Urrestillako bidegorrian dagokion zatia   Azpeitiko bidegorriarekin lotzeko dituen proposamenak.  Udalarentzat "aukerarik onena" da, bidegorria Atxubiaga kaletik egitea, Landetako kiroldegi aurreko biribilgunean Azpeitikoarekin lotura eginda. "Aztertu ditugun aukeretatik egokiena eta herritarrentzat erabilgarriena dela iruditzen zaigu. Ez du ia aldaparik eta horrek berak erabilgarriena egiten duelakoan gaude", adierazi zuen Bereziartuak.

Foru Aldundiarentzat lehentasuna herri arteko bidegorriak egitea zenean, Udalak hori aldatu zuela gogoratu zuen Bereziartuak batzarrean. Hau da, auzo eta herrien ateko bidegorriak egitearen gaia Aldundiarentzat lehentasunezkoa izatea lortu zuela Udalak, eta horren ostean, Urrestillako bidegorria egiteko hitzarmena sinatu zuela Foru Aldundiarekin, 2015ean. Orduz geroztik, aldundiari hitzarmena betetzeko eskatzen eta exigitzen ari zaiola esan du Udalak. Era berean, "Foru Aldundiak dirurik ez duela esaten duela eta", hainbat alternatiba aurkeztu dizkiotela azaldu zuen Bereziartuak: "Guk dirua aurreratzea eskaini diegu, bidegorria egiteko eskumena ematen badigute Udalak egingo duela ere esan diegu. Ahal dugun guztia egiten ari gara, etengabe, bidegorri hori egitea lortu nahi dugulako”.

Alternatibak aurkeztuta, orain herritarren iritziak jaso nahi ditu Udalak. Horretarako, ekarpenak egiteko epea zabaldu du. Herritarrek uztailaren 29a bitartean izango dute beren iritziak eta ekarpenak egiteko aukera, udaletxeko Hirigintza sailean eta landetaberri@azpeitia.eus webgunean.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa