Dozena bat urte, ospatzeko hamaika arrazoi

Uztarria.eus 2017ko uzt. 6a, 18:02
Gaztetxearen 9. urteurreneko argazkia. (Gaztetxie)

Uztailaren 15ean ospatuko dute Gaztetxearen 12. urteurrena. Egun osorako egitaraua antolatu dute aurtengoan ere, eta ez da festarako nahiz aldarrirako tarterik faltako. 

Duela dozena bat urte zabaldu zituen ateak Azpeitiko Gaztetxeak, eta hori ospatzeko egun osorako egitaraua prestatu dute uztailaren 15erako. Urtero egin ohi duten baltsa erakusketarekin hasiko dute eguna, eta 11:00etan jarriko dituzte baltsak ikusgai, plazan. Horiek ikustera hurbiltzen direnek hamaiketakoa egiteko aukera ere izango dute. Parte-hartzaileek herritarrei beren lanak erakutsi ostean, baltsa jaitsiera egingo dute 12:00etan hasita, azoka plaza atzetik. Sabelak betetzeko tartea ere hartuko dute, eta 14:30ean bazkaria izango da gaztetxean. Honakoa izango da menua: pasta entsalada, haragi gisatua eta postrea. 

Arratsaldean, 17:00 aldera, gaztetxetik irtengo dira kalejiran, eta jolasak egingo dituzte Alde Zaharreko hainbat txokotan. 20:30ean, berriro itzuliko dira Gaztetxera, Gazteak Kalean eta Altsasukoak Aske dinamikei babesa erakusteko argazkia ateratzera. 21:00etan luntxa egingo dute, eta egunari amaiera emateko, Verrater eta Akerjenbe Sound Sistema taldeak igoko dira gaztetxeko oholtzara. 

Bazkarirako txartelak salgai

Dagoeneko eskuragarri daude uztailaren 15eko bazkarirako txartelak. Orkatz eta Urola Express tabernetan eskura daitezke. Langileek 12 euro ordaindu beharko dute bazkarirako txartela eta ikasle zein langabetuek 8 euro. 

Herritarrak baltsak egitera animatzeko bideo hau egin zuten gaztetxeko kideek: