Egunotan zabalduko dute autobusek eta autoek pasabidea izango duten Sanjuandegi eta Loiolabide arteko zubia

Uztarria.eus 2017ko uzt. 5a, 19:47
Herritar ugari izan zen udalak ekainaren 7an gaiaz hitz egiteko deitutako bileran. (Azpeitiko Udala)

Egun gutxi barru zabalduko dute zubia. Dena den, egokitzapen lan batzuk tarteko, lehen egunetan ez dira autobusak zubitik pasatuko. Egungo geltokietan, Esklabak eta Etxebeltz aurrekoetan, egingo dituzte geldialdiak egokitzapen lanak bukatu artean. Udalak hainbat bilera egin du bi auzoetako bizilagunekin, autobusen zubiko zirkulazioak hautsak harrotu baititu herritarren artean.

Datozen egunetan zabalduko dute Sanjuandegi eta Loiolabide auzoak lotuko dituen zubia, hilabeteetako lanak bukatuta. Udalak jakinarazi duenez, herriko "inguru oso bat eraldatuko duen" proiektua jarriko dute martxan aurki. Izan ere, dagoeneko egin dituzte ibilgailuen zirkulazio egokia bermatzeko probak-eta. 

Horrenbestez, autoak eta autobusak, biak pasatuko dira bi auzoak lotzen dituen zubitik. Hain zuzen ere, autobusen balizko zirkulazioak eta autobus geltokien kokapenak hautsak harrotu ditu azken hilabeteetan. Bi auzoetako bizilagunekin bilerak egin zituen Udalak herritarren nahiak ezagutzeko, eta autobusen zirkulazioari dagokionez, iritzi kontrajarriak azaldu dituzte bi auzoetako bizilagunek.

Ekainaren 7ko bileran, baina, autobus geltokia egun dagoen tokitik, Esklabetako elizaren aurretik, aldatzeko "kontsentsu nahikorik ez" zela ikusita eta Gipuzkoako Foru Aldundiak zubitik autobusak pasatzeko arazo nahikorik ez dagoela baieztatuta, autobus geltokiak bere ohiko geltokira itzultzea erdietsi zuen Udalak. Horrenbestez, zubia irekitzen duten egunetik aurrera, Sanjuandegin geldituko dira bi noranzkoetan igarotzen diren autobusak. Dena den, udalak jakinarazi du erakundeak duen parte-hartzerako ordenantzak arautzen dituen pausoen bidez proposamenak egin ahalko dituztela herritarrek aurrerantzean ere.

Autobusen joan-etorria moldatzeko eta hobetzeko hainbat aldaketa egitea eskatu dio aldundiak udalari, eta erakundeak jakinarazi du "bihar bertan" hasiko dituztela lan horiek. Hori dela eta, trafikoan aldaketa batzuk egin beharko dituela aurreikusten du udalak. Egokitzapen horiek egin bitartean, Esklabak eta Etxebeltz aurreko geltokietan geldituko dira autobusak, baina lanak bukatzean Sanjuandegin izango dute autobusek behin betiko geltokia. Lan horiek egun gutxiren buruan bukatzea aurreikusten du Udalak.

Gainera, Salbe auzoko urbanizazio lanak ere bukatu dituzte dagoeneko, eta Loiolarako bide zaharra ere oinezkoentzat egokitu dute. Horrez gain, Udalak jakinarazi du Etxebeltz etxearen ondoan autoentzako aparkaleku berria egin eta Loiora bideko ibai ondoko pasealekua osatuko dutela.

2006an egindako proiektua da Sanjuandegi uholde arriskuak sahiesteko obrak egitekoa eta auzo hori Etxebeltz-Izarra eremuarekin lotzekoa.