Astigarraga Kit Line enpresan jazotako lan istripua salatzeko, elkarretaratzea egin dute berrehundik gora herritarrek plazan

Uztarria.eus 2017ko uzt. 4a, 21:32

Berrehundik gora lagunek elkarretaratzea egin dute plazan, atzo Astigarraga Kit Line enpresan langile baten heriotza eragin zuen lan istripua salatzekoPrekarietatea hiltzailea! Lan istripurik ez! lelopean deitu dute kontzentrazioa LABek, ELAk, EH Bilduk, Gaztetxiek, CNTk, Ernaik eta Elkar-ekinek. 300 herritar inguru batu da deialdira. Elkarretaratzean izan dira, besteak beste, kontzentrazioa deitu duten eragileetako kideak, hildakoaren lankideak eta senideak, LAB eta ELA sindikatuetako ordezkariak, herriko beste enpresa batzuetako beharginak eta Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea eta Agustin Lizarralde zinegotzia.

Isiltasunak hartu du plaza 19:00etan, baina elkartasunez eta salaketez jantzitako elkarretaratzea amaitzean, hartu dute hitza kontzentrazioaren deitzaileek. Hasteko, elkartasun eta hurbiltasuna erakutsi diete atzo Azpeitian eta Arratian – Bediako  Forjas Unidas Vascas enpresako langile bat hil zen han, lanean ari zela buruan kolpea jasota–  hil ziren bi langileen senideei, lagunei eta lankideei. Era berean, azpimarratu dute istripu horiek ez zirela izan "zoriaren ondorio".

"Etenik gabeko irabaziak bilatzen dituztenek" langileen bizkar gainean prekarietate "egoera latzak" ezarri dituztela salatu dute,"lanaldi luzeak, presioak, baldintzetan etengabeko murrizketak, mehatxuak eta kaleratzeak" kasu. "Egoera guzti horien arduradun diren erakunde publiko eta enpresaburuei nahikoa dela esan nahi diegu. Herritarrok duintasunez bizitzeko lan egin nahi dugu, ez inoren menpeko lanetan hiltzeko", adierazi dute. 

Atzo jazotakoa bezalako ezbeharren aurrean herritarrak kalera ateratzera eta mobilizatzera deitu dituzte, eta mobilizatzea "beharrezkoa" dela nabarmendu dute. "Aldaketa sakonak behar ditu gure gizarteak, injustiziak hainditu eta denok duintasunez biziko garen egoera bat erdiesteko", adierazi dute. Era berean, aldaketa horiek "inondik etortzekotan, herritarren borroketatik" sortuko direla esan dute. "Hala bada, kalean ikusiko gara aurrerantzean ere", amaitu dute.