Herriartekoaren beste txapel bat, Azpeitira

Uztarria.eus 2017ko uzt. 3a, 15:25

Egun borobila izan zen zapatukoa, uztailaren 1ekoa, Azpeitiko pilotarentzat eta pilotazaleentzat. Gipuzkoako Pilota Txapelketako finala jokatu zuten Ilunpeko pilotariek Donostiako Atano III.a pilotalekuan, 600 bat herritarren babesean, eta ez zuten hutsik egin. Hirutik hiru partida irabazita eta hirugarren urtez jarraian finalean markagailuan nagusi izanda, Azpeitira ekarri zuten txapela. Atanon hasi zen festak Azpeitian jarraitu zuen, herritarrek eta Udalak egindako harrerarekin. 

Azpeitiak 40 aldiz hartu du parte Herriarteko Eskuzko Txapelketan (50. edizioa izan da aurtengoa), eta bederatzi final jokatu ditu. Aurtengoa irabazita, Azpeitia jarri da Herriartekoaren bigarren palmaresean, Donostiarekin batera, sei txapelekin. Azkoitiak ditu txapel gehien eskuzko Herriartekoan, hamasei, hain zuzen.

Euskal Herriko Txapelketako kanporaketa uztailaren 15eko asteburuan jokatuko du Azpeitiak, eta finalera iristen bada, uztailaren 22ko asteburuan jokatuko dute.