Bertsoak, musika, bazkaria eta magia, Orkatzen 24. urteurrena ospatzeko

Uztarria.eus 2017ko uzt. 3a, 00:05

Orkatz Kultur Elkartearen 24. urteurrena ospatzeko ostegunean hasitako egitarauari asteburuan eman diote jarraipena. Ostegunean Pettik Orkatz tabernan eskaini zuen kontzertuaren lekukoa ostiraleko bertso saioak hartu zuen. Herritar ugari hurbildu zen Orkatzera,  Julio Soto, Amets Arzallus, Iker Zubeldia eta Oihana Labiano azpeitiar gaztea bertsotan entzutera.  Kantuan ari ziren bitartean, aldarrirako, umorerako eta salaketarako tartea hartu zuten Orkatzeko oholtzara igo ziren lau bertsolariak, eta ia bi orduz luzatu zen saioa.

Ostiralak utzirako biharamunari buelta emateko eta Orkatzen 24 urteak ospatzen jarraitzeko, dozenaka lagunek zapatuan bazkaria egin zuten Sanagustin kulturgunean. Behin sabelak beteta, Yagomago arduratu zen bazkalosteari magia kutsua ipintzeaz, eta umorea klabean aritu zen bere trikimailuak erakusten. Arratsaldean, berriz, musika izan zen protagonista, Joseba B. Lenoir hirukotean entzuteko aukera egon baitzen Orkatzen. Bitarte horretan, Azpeitiko pilotariak Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketaren txapela lortzeko borrokan ari ziren Donostiako Atano III.a frontoian, eta han ere ez zen Orkatzen 24. urteurrena gogoratzeko pankartarik falta. Urtemuga gogoan izan ez ezik, azpeitiarrek "Orkatz libre eta zabalik" nahi dutela aldarrikatu zuten Atanon. Eguna borobiltzeko, Autobus Magikoa musika taldea igo zen Orkatzeko oholtzara, bertaratu zirenak festa girora are eta gehiago hurbiltzeko. 

Gaur, igandea, euskal kanten bueltan ospatuko dute kultur elkartearen ertemuga. Asteazkenean, uztailaren 5ean, itxiko dute ospakizunerako eta aldarrirako prestatutako bost eguneko egitaraua. 19:00etan hasita, Mikromatxismoa eta tabernetako jarrerak mahai ingurua eta tailerra izango dira Orkatzen.