Eusko Gudarostearen inguruko liburua eta Kandido Sasetaren omenezko irudia, memoria historikoa zabaltzeko

Uztarria.eus 2017ko uzt. 1a, 16:35

Azpeitiko Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak Eusko Gudarostearen inguruko liburua aurkeztu dute gaur, uztailak 1, Loiolan. Izan ere, leku berean antolatu zen Eusko Gudarosteko Azpeitiko komandantzia, 1936ko abuztuaren 5aren eta 8aren artean, hain zuzen ere. EAJk, EAE-ANVk, Jagi-jagik, ELA-STVk eta Euskal Nekazarien Batzarrak sortu zuten komandantzia, Kandido Saseta buru zuela. Horregatik, Eusko Gudarostearen historia jasotzen duen liburua aurkezteaz gain, Sasetaren omenez irudi bat jarri dute Arrupe Hotelaren aurreko zelaian, ekitaldira bertaratu diren ehunka herritarren begiradapean.

Eguerdiko hamabietako kanpai hotsak jota hasi da emozioz eta memoriaz jantzi den ekitaldia. Hasieran Arrupe aurrean egitekoak baziren ere, eguraldiak lagundu ez duenez, hotelaren azpiko arkupeetan hartu du leku hitzorduak. Ekitaldiari hasiera emateko eta bertaratu diren dozenaka lagun testuinguruan kokatzeko, Eneritz Albizu kazetariak Eusko Gudarostearen historiaren inguruko zertzelada batzuk azaldu ditu aurrena. Horrez gain, aipatu du gaurkoa Azpeitiko Udalak memoria historikoa berreskuratzeko bidean eman duen beste urrats bat baino ez dela.

Ondoren, Kandido Sasetaren iloba Arantxa Sasetak hartu du hitza. Hark hizpide izan ditu bere osaba zenaren nahiak, grinak eta borrokak, eta gerraren ondorioz bizi gabe gelditu zenaz ere aritu da, sentimenduz jositako hitzartzean. Joserra Enparan Hondarribiako Memoria Berreskuratzen taldeko kidea ere Sasetaren inguruan mintzatu da. Hark Azpeitiko komendantziaren burua zenaren gaineko ikerketa burutu zuen, Sasetaren memoria berreskuratzeko. 

Harreta, pertsonen memorian

Javi Buces Aranzadi Zientzia Elkarteako kideak idatzi du gaur aurkeztu duten liburua, eta hura arduratu da egindako lanaren inguruko xehetasunak azaltzeaz. Liburuaren helburuak dira Eusko Gudarostearen historia jasotzea eta, bereziki, Gudarostea posible egin zuten pertsonen izen-abizenak eta haien historia zehatza berreskuratzea. Horregatik, "harreta berezia" jarri dute pertsonengan. Bucesek azaldu duenez, Azpeitiko komandantziara boluntario etorri ziren 1.277 pertsonen zerrenda bilatu dute, eta horietatik 561 lagunen izenak eta abizenak, jatorriak eta hartutako erabakiaren ondorioak jaso dituzte liburuan. EAE-ANVko 259 boluntarioren informazio zehatza ere jasota dago liburuan. Gudari haiek guztiek "baliabide gutxirekin eta heziketa militar gabe" tropak gelditu zituztela azpimarratu du Bucesek, eta hala, Azpeitiko komandantziak "bere misioa bete " zuela nabarmendu du.

Eneko Etxeberria alkateak hartu du hitza Azpeitiko Udalaren izenean, eta azpimarratu du Udalaren helburua dela memoria historikoa errekuperatzea eta zabaltzea. "Oroitzen dugun bitartean, gugan bizi dira oroituak, eta uste dut gaurko ekitaldiarekin hemen bildu ziren gizon eta emakumezkoei bizia ematen ari garela", adierazi du Etxeberriak. Isilduak izan zirenen historia ezagutarazteko beste urrats bat eman dutela esan du Azpeitiko alkateak, eta horregatik gaurkoa "pozik eta alai egoteko eguna" dela. Era berean, "askotan galtzea irabaztea baino duinagoa" dela esan du Azpeitiko alkateak, atzo sarean zabaldu zuen gutunaren edukiari keinu eginda.  

Martxelo Otamendi Berria egunkariko zuzendaria ere izan da gaurko ekitaldian, eta hark Azpeitiko Udalak egindako lanaren garrantzia azpimarratu du. Horrez gain, memoria berreskuratzeko hegaldian bidelagun izateko prestutasuna agertu dio Udalari. Bestalde, Berriaren Oroiteria proiektuaz aritu da, eta nabarmendu du Berria taldea ere lanean ari dela memoria historikoa gal ez dadin. Igor Elorza eta Eñaut Elorrieta ere Loiolan izan dira, eta ekitaldia goxotu dute, musika eta olerkiak lagun. Horiez gain, ekitaldian izan dira, besteak beste, Azpeitiko eta Azkoitiko EAJko eta EH Bilduko kideak, bi herritako udal ordezkariak, Joseba Egibar Gipuzkoa Buru Batzarreko lehendakaria, Maribel Vaquero Gipuzkoako Foru Aldundiko Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendaria eta Pello Urizar EAko idazkari nagusia. 

Amaitzeko, dantzari gazteek aurreskua dantzatu dute Kandido Sasetaren omenez jarritako irudiaren aurrean. Arantxa Saseta arduratu da irudiaren gaineko estalkia kentzeaz, herritarren txalo zaparrada artean.

Iaz, 80 urte bete ziren Eusko Gudarostea eratu zela, eta orduan ere "galtzaileen duintasuna goratzeko" ekitaldia egin zuten Loiolan bertan.