Azpeitia, Herriartekoaren txapela defendatzeko pronto

Uztarria.eus 2017ko eka. 30a, 20:07
Iaz bosgarren aldiz irabazi zuen Azpeitiak Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa, Astigarraga 3 eta 0 mendean hartuta

Bihar jokatuko du Azpeitiak Herriarteko Pilota Txapelketaren finala, Oiartzunen aurka. Dozenaka herritar hurbilduko da Donostiako Atano III.a pilotalekura Ilunpeko pilotariei babesa erakustera. Kadeteetan Aimar Egigurenek eta Unai Alberdik ordezkatuko dute Azpeitia; jubeniletan Jon Alberdik eta Julen Egigurenek; eta seniorretan Markel Etxanizek eta Daniel Murgiondok. Finala irabaziz gero, Udalak bihar bertan egingo die harrera pilotariei. 

Hasi da Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketako finalerako atzerakontua. Azpeitiko taldea maiatzaren 21ean murgildu zen txapelketan, eta partidaz partida garaipenak lortu ostean, bihar, uztailak 1, Herriartekoaren txapela defentatzeko prest daude azpeitiar pilotariak. Oiartzungo taldearen aurka neurtuko dituzte indarrak, Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Hitzordu handia 16:30ean hasiko da.

Azken urteetan ez bezala, finalean erabiliko duten materiala bihar bertan aukeratuko dute, partidak hasi aurretik. Horretarako hitzordua 15:45ean dute jarrita. Hiru ordu laurden beranduago hasiko da finala. Gaur, ostirala, jakinarazi du Ilunpek zein pilotari irtengo diren kantxara biharkoan. Kadeteetan Aimar Egigurenek eta Unai Alberdik ordezkatuko dute Azpeitia; jubeniletan Jon Alberdik eta Julen Egigurenek; eta seniorretan Markel Etxanizek eta Daniel Murgiondok.

Javier Odriozolak eta Daniel Murgiondok Uztarriak egindako elkarrizketan adierazi zutenez, "final zaila" izango da biharkoa, baina dena ematera irtengo dira kantxara. Urduritasunari zein presioari aurre egin eta seigarren txapela herrira ekartzeko ahaleginak egiteko prest daude. 

Ilunpeko pilotariak joan den asteazkenean, hilaren 28an, izan ziren finalaren eszenatokian bertan, oiartzuarrekin batera entrenamendu saioa egiten. 

Sarrerak eta autobuserako izen-ematea

Gaur da Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketarako sarrerak erosteko eta autobusez Atano III.a pilotalekura joateko autobusean izena emateko azken eguna. Ilunpe Pilota Elkartearen bulegoa 18:30etik 20:00era egongo da zabalik, eta bertan egin beharko da autobuserako izen-ematea. Sarrerak ere bulegoan soilik izango dira eskuragarri. Kantxako sarrerek 10 euro balio dute eta goiko harmailakoek 5 euro.

Iaz bezala, aurten ere finalera joateko doako autobus zerbitzua antolatuko dute. Autobusak 15:00etan abiatuko dira anbulatorio aurreko geltokitik Donostiara, eta finala amaitzean itzuliko dira herrira. Autobusean joateko beharrezkoa da izena ematea. 

Udalaren harrera

Azpeitiak aurtengo Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketa irabazten badu, bihar egingo dio harrera Udalak, 21:00ak aldera. Hala izatezkotan, hitzordu horren xehetasunak bihar jakinaraziko dituzte.