Oihana Labiano: "Iruditzen zait pauso handiak eman direla emakumezkoak bertsolaritzara hurbiltzeko"

Uztarria.eus 2017ko eka. 29a, 20:54
Oihana Labiano, behean, eskubitik hasita bigarrena, eskolarteko bertsolari txapelketan

Amets Arzallus, Julio Soto eta Iker Zubeldia bertsolariekin batera igoko da bihar, ostirala, Erniarraitz Bertsozale Elkarteko Oihana Labiano (Azpeitia, 2000) Orkatzeko oholtzara. Kultur elkartearen 24. urteurrenaren ospakizunaren barruan antolatu dute bertso saioa, eta Labiano jende aurrean kantuan ariko den bigarren aldia izango da. 

Eta bat-batean... Orkatzen abesteko gonbidapena. Nola hartu zenuen?

Gonbidapena jaso nuenean, zalantza asko sortu zitzaizkidan, horrelako bertso saio indartsu batean abestuko dudan aurreneko aldia baita biharkoa. Hasiera batean, gonbidapenari ezezkoa ematea pentsatu nuen, baina azken unean erabaki nuen parte hartzea. Izan ere, biharko hitzordua, nire ibilbideari hasiera bat emateko luxuzko aukera dela iruditzen zait. 

Sona handiko bertsolariekin batera igoko zara oholtzara bihar. Zer sentitzen duzu uneotan? 

Barruan sentimendu anabasa nabari dut. Alde batetik, kirioak ia inoiz ez bezala ditut dantzan. 
Baina, bestalde, saiorako oso gogotsu nago. Horrelako aukerak ez dira askotan izaten! 

Nola prestatu zara biharko? 

Ikasturtean zehar astean behin elkartzen gara bertso eskolan. Baina azken aste honetan bereziki prestatzen aritu naiz, bertso eskolako beste lagun batekin batera.

Bihar kantuan ariko zaren emakume bakarra izango zara. Nola ikusten duzu emakume bertsolarien egoera Azpeitian?

Nik uste bertsolaritzaren munduan emakumeak gutxiengoa garela, baina ez soilik Azpeitian, leku guztietan baizik. Hala ere, iruditzen zait pauso handiak eman direla emakumezkoa bertsolaritzara hurbiltzeko, batez ere Erniarraitzen. Egun, ikusten da umeen bertso eskoletan nesken eta mutilen kopurua berditzen ari dela, eta uste dut horrek parekidetasuna ekarriko duela bertsolaritzara.

Noiz hasi zinen bertsoen munduan murgiltzen?

Bertsolaritzarako dudan afizioa familiari zor diot. Aitona-amonak zein gurasoak oso bertsozaleak izan dira betidanik, batez ere familian bertsolariak egon izan direlako. Horrek bultzatu nau, neurri handi batean, mundu honetan murgiltzera. 11-12 urterekin hasi nintzen bertso eskolan, eta bertan jarraitzen dut oraindik.

Jende aurrean oholtzara igo zinen aurreneko aldiaren zein oroitzapen dituzu?

Aurrenekoz, aurtengo Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketan abestu dut jende aurrean. Oso gustura aritu nintzen, eta horrek aurrera jarraitzeko indarrak eman dizkik.

Zein da zure erreferentea edo gehien gustatzen zaizun bertsolaria? 

Asko dira erreferente, Orkatzen nirekin oholtzan egongo direnak barne. Baina norbait nabarmentzekotan: Jokin Uranga eta Eneritz Artetxe. Orain arteko bidelagunak izan dira biak, eta ikasi dudan guztia beraiei esker ikasi dut.

Zein da gehien gustatzen zaizuna lana? Puntuka, bakarka...

Lan guztiak oso ezberdinak dira elkarren artean. Bakarka aritzean zenbat dakizun erakuts dezakezun arren, iruditzen zait elkar lagunduta abestutako ofizio batek ere baduela bere xarma. Bertsolaria zu zara, zu bakarra zara eta zu ari zara kantuan, baina bizitzako beste arlo askotan bezala, bertsotan ere elkarlana oso garrantzitsua da.