Asier Blas: "Errefuxiatuena ez da fenomeno metereologiko bat"

Urola Kostako Hitza 2017ko eka. 28a, 14:33
Asier Blas.

Azpeitiko Gaztetxeak, Elkar-ekinek eta Askapenak antolatutako 'Mundua aztertuz, herri boterea hauspotu' zikloaren azken hitzaldia emango du gaur Asier Blasek (Hernani, 1977). Migrazioak eta eskuin muturraren gorakada izena eman diote, eta Gaztetxean izango da, 18:30ean.

Migrazioak eta eskuin muturraren gorakada lotura zuzena duten fenomenoak al dira?

Errefuxiatuei buruz eta Ekialde Hurbilaz hitz egitea zen nire asmoa. Konexio hori egitea oso zaila egiten zait. Eskuin muturraren gorakadaren arrazoi nagusia da pobreen eta aberatsen arteko distantziak handitzen ari direla, eta jende asko geroz eta baztertuago dagoela sozioekonomikoki.
Beste gauza bat da, erabili egiten dituela eskuin muturrak errefuxiatuak, lehiatu dezaketelako eskasia hori banatzerakoan. Taktika bat da eta erabilgarria da, ezkerretik ez dagoelako proposamen birbanatzailerik. Ezkerra jokoz kanpo dagoenez, eserlekua libre utzi du, eta eskuin muturrak erabiltzen du desberdintasun sozioekonomiko hori bere alde.

Ekialde Hurbileko gatazketatik ihesi datoz errefuxiatuak. Nola baloratzen duzu EBren jarrera kontu honetan?

Errefuxiatuena ez da fenomeno metereologiko bat. Errefuxiatuak baldin badaude da, besteak beste, Europako Batasuneko herrialde batzuek, nazioarteko legediak hautsita, bonbardaketak egiten dituztelako atzerriko herrialdeetan, eta ez hori bakarrik: babestu egiten dituztelako bertan Al-Qaedaren taldeak, eta estatu kolpeak eta gobernu aldaketak sustatzen dituztelako... Hau da, gure estatuek daukaten esku hartzeagatik dator errefuxiatuena. Eta bada nahikoa bitxia ikustea, 2003ko Gerrarik ez oihua nola bilakatu den orain Errefuxiatuak ongi etorri. Horrekin ez dut esan nahi errefuxiatuei ez zaienik harrerarik egin behar, guztiz kontrakoa. Baina egiten dena da Caritas bezala aritzea; kasu honetan, gerraren ondorioak leuntzea. Baina gerra gure ardura ere bada, gure estatuena, NATOrena.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.