Udalaren adierazpen instituzionala, LGTBI kolektiboaren Sexu Askatasunaren Aldeko Nazioarteko Egunaren harira

Uztarria.eus 2017ko eka. 28a, 13:20
Gaur, ekainak 28, ostadar koloreko bandera jarri dute udaletxean.

Gaur, ekainak 28, LGTBI kolektiboaren Sexu Askatasunaren Aldeko Nazioarteko Eguna da. Horren harira Udalak egindako adierazpen instituzionala da honako hau. 

"Aurten ere ekainaren 28an, LGTBQ kolektiboaren sexu askatasunaren aldeko Nazioarteko Eguna ospatuko da. 1969ko ekainaren 28ko gauean, New Yorkeko Stonewall pubean, transexual, lesbiana eta gay talde bat matxinatu zen, poliziek eginiko gehiegikeriak salatu eta haien eskubideak aldarrikatzeko.

Egun hau, beraz, orain arteko lorpenak ospatu eta oraindik lortu gabe ditugun oinarrizko eskubideak aldarrikatzeko eguna dugu. Azpeitiko Udalak ozen aldarrikatu nahi du, sexu portaerak eta joerak libreki aukeratzeko dugun eskubidea. Eta, bereziki, aitorpen bat egin nahi dio gayen, transexualen, transgeneroen, bisexualen eta queerren mugimenduari, baita mugimendu feministari ere, horiek jakin baitute sexu eskubideen alde borrokatzen, eta jendarte multzoak sexuari, generoari eta sexu ohiturei buruz dituen estereotipoen kontra egiten.

 Lan horri esker, aurten jauzi handiak eman direla uste dugu. LGTBQ+ pertsonen eskubideen aitortza bidean:

- Martxoan Espainiako Diputatuen Kongresuan tratu berdintasunerako eta diskriminazioaren aurkako Lege Integralerako proposamena aurkeztu zen.

- Maiatzean LGTBI berdintasunaren aldeko Lege Proiektua erregistratu zen Espainiako Gorteetan.

Hala ere, asko dira oraindik eskubide urraketak:

- 70 herrialdetan sexu harremanak zigortzen dituzte, eta 11 herrialdetan heriotza zigorra jasotzen dute.

- Eraso fisiko eta psikologiko larriak eguneroko ogi dira gure jendartean.

- Trans kolektiboaren patologizazioa.

- Familia homoparentalek pairatzen duten bazterketa, ugalketarako teknikei, adopzioari eta filiazioari dagokionez.

Sexua, generoa eta sexualitatea norberaren identitatearen osagaiak direla adierazi nahi dugu, eta beraz erabateko askatasunez aukeratu beharrekoak. Oinarrizko giza eskubideei buruz ari gara beraz! 

Horregatik, Azpeitiko Udalak konpromiso hauek hartzen ditu bere gain:

1. Geure egitea pertsona lesbiana, gay, transexuala eta transgeneroen eskubide eta askatasun publikoak defendatzearen aldarrikapena, sexu joera eta identitate ezberdinak normalizatzeko helburuarekin. Horren adierazgarri, ekainak 28an udaletxeko balkoian ostadar koloreko ikurra jarriko dugu. 

2. Informazio eta sentsibilizazio kanpainak indartzea lesbiana, gay, transexual eta transgeneroekiko jarrerak aldatu eta aurreiritzi eta susmoak ezabatzeko. Aurten Alu ulu  antzerki emanaldia eskainiko dugu Dinamoan ekainaren 28an.

3. Prestakuntza programen edo bestelako tresna batzuen bidez beharrezko baliabideak ematea Azpeitiko ikastetxeei eta hezitzaileei, bazterketa prebenitzeaz gain, ikasleen nortasuna, afektibitatea, sexualitatea eta harremanak osotasunez garatu ahal izateko. Horretarako hezkidetza, tratu onak eta sexualitatea programa indartuko dugu, aurrekontua handituz.

5. PLAX! Sexu aholkularitza zerbitzua indartzea, azpeitiar guztiok gure sexualitatea eta harremanak askatasunez bizitzeko baiabideak eskaintzeko.

6. Azpeitiarrei dei egitea ekainaren 28rako mugimendu feministak antolatu dituen ekimenetara parte hartzera".