Valen Garcia: "Picassoren 'Guernica' obran inspiratuta egin dut kartela"

Uztarria.eus | Kultura | Artikulua
2017-06-27 19:15

Valen Garcia (Azpeitia, 1970) Azpeitiko bizilagunaren kartelak iragarriko ditu datorren udazkenean herrian egingo diren XXXV. Euskal Antzerki Topaketak.

Valen Garcia, antzerki topaketak iragarriko dituen kartela eskutan duela. (Valen Garcia)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Euskal Antzerki Topaketen kartel lehiaketara aurkeztu zaren aurreneko aldia izan al da aurtengoa?

Ez, aurrez ere parte hartu izan dut kartel lehiaketan. 1991. urteko edizioan egin nuen sariketarako aurreneko lana, eta orduz geroztik behin baino gehiagotan aurkeztu naiz deialdira. 2009an egin nuen lanak saria jaso zuen, eta aurtengoa kartel lehiaketa irabazten dudan bigarren aldia da. Halakoak egitea eta sariak jasotzea beti da pozgarria.

Herrian ezaguna zara argazkilaritzara duzun afizioagatik. Diseinatzen ere ikusi zaitugu. Nondik datorkizu zaletasuna?

Diseinatzaile grafikoa naiz lanbidez, eta argazkilaritza nire afizioetako bat da. Batzuetan argazkilaritza baliatzen dut nire diseinuak ontzeko osagarri bezala. Antzerkiarekin lotuta egin izan ditut lan batzuk diseinatzaile ibilbidean zehar. Esaterako, Madrilen egiten den Nazioarteko Antzerki Festibalerako aplikazio grafikoak egiten ditugu. 

Zertan inspiratu zara aurtengo diseinua egiterako unean? 

Picassoren Guernica obran inspiratuta egin dut kartela, XX. Mendeko koadrorik famatuenean, hain zuzen. Aurten, 80 urte bete dira artelan hura margotu zuela. Antzerki topaketak iragartzeko kartela egiteko Picassoren lanetik hainbat ikono hartu dut, fikziozko pertsonaia bat sortzeko helburuarekin. Saiatu naiz pertsonaia hori drama eta komedia kontzeptuak nahastuta gorpuzten. 

Beraz, zer ikus dezakegu XXXV. Topaketak iragarriko dituen kartelean? 

Fizkiozko pertsonaia da karteleko protagonista, eta Ekialdeko kutsua duen eszena batean irudikatuta ageri da. Pertsonaia Guernica koadroan ageri diren zati ezberdinek osatzen dute, zaldi burua eta otso buztana ditu. 

Antzerkia atsegin al duzu?

Bai, asko, gainera. Gehien gustatzen zaizkidan antzezlanak komedia generokoak dira.

Udazkena iristearekin batera, zure lana herriko hainbat txokotan ikusgai izango da, kaleko hormetan, ikuskizunen sarreretan, topaketen egitarauan… Horrek zirrararik sortzen al dizu? 

Diseinatzaile grafiko batentzat beti da pozgarria bere lanak txoko eta euskarri ezberdinetan agertzea eta jendeak horiek ikustea.  

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa