Emakumeen sexualitatea, umorez oholtzara

Uztarria.eus 2017ko eka. 27a, 20:02
Haizea Egiguren, 'Alu Ulu' antzezlaneko une batean. (Haizea Egiguren)

Bihar, ekainak 28, Sexu Askapenaren Nazioarteko Eguna da, eta horren harira, Emakume Mahaiak eta Dinamoak elkarlanean Alu Ulu antzerki foroa antolatu dute. Bihar izango da emanaldia, 19:00etan hasita, Dinamoan, eta ondoren, sormen prozesua azalduko dute sortzaileek.

Gabezia batetik jaio da Alu Ulu antzerki foroa. Arremanitz kooperatibak hezkidetza eta sexu heziketa arloetako saioak ematen ditu eskoletan, eta saio horietan, emakumeen sexualitatea "gutxietsita" zegoela konturatu ziren kooperatibako kideak. "Nolabait emakumeen sexualitatea ikusezin egiten zela konturatu ginen, ez zela berdin hitz egiten gizonen eta emakumeen sexualitateaz, alua bigarren plano batean gelditzen zela... Ohartu ginen ikasleek arbuiatu egiten zutela emakumeen sexualitatea", azaldu du Haizea Egiguren Arremanitzeko kideak. Errealitate horri buelta emateko asmoz, tratu onak landuko zituen antzezlan bat egitea erabaki zuten, nerabeei zuzenduta.

Bakarrizketa baten forma du antzezlanak, eta umorea da haren osagai nagusia. Egigurenek berak egiten ditu aktore lanak; Saioaren rola interpretatzen du. "Saioa unibertsitateko ikaslea da, eta sexu eta bikote aholkularitzako itxarongela batean dago. Leku horretan egiten dituen hausnarketak azaltzen dira obran. Oso naturala da emakumea, oso natural hitz egiten du sexualitateaz, eta jendea horrek harrapatzen du. Gure buruari barre egiteko modu bat da obra. Erlatibizaten ere laguntzen du, azkenean, denok ditugulako sexualitatearekin lotutako kezkak edo zailtasunak", adierazi du Egigurenek. Haren lankide Edurne Mendizabalek ere zenbait agerpen egiten ditu antzezlanean.

Hainbat eduki lantzen ditu antzerki foroak: "Harremanak, edertasun ereduaren inguruko gogoeta egiten dugu, aluari buruzko alde pedagogiko bat ere azaltzen da, masturbazioa... Orokorrean, emakumearen sexualitatea ikusarazi nahi dugu; alua, klitoria eta plazera izendatu; hitz atsegingarriak eta erotismoa emakumearen sexualitatearekin lotu; plazera eta zaintza harremanak erdigunean jarri... ".

Antzezlana eta gogoeta

Ez da ohiko antzezlana Alu Ulu. Izan ere, bakarrizketa amaitzean, bigarren zati bati ekiten diote partaideek: "Antzezlan horrek gure buruetan eta hankartean mugiarazten digunaren harira, hausnarketa bat egiten dugu. Ez da ikuste soil bat, dinamika batzuk egiten ditugu, eta publikoak parte hartzen du, bakoitzak nahi duen tokitik". Egigurenek azaldu duenez, bihar ziurrenik ez dute bigarren zati hori egingo, antzezlana amaitzean, sormen prozesua azalduko dutelako. Dena den, jendea animatzen bada, dinamikaren bat ere egingo dutela adierazi du.

Hasieran nerabeei zuzendutakoa zen antzezlana, haiek hausnarketa egitea baitzen sortzaileen helburua, baina esperimentu bat egin ostean, konturatu ziren publiko zabalagoarekin ere funtzionatzen zuela obrak. Horregatik, eskoletan ez ezik, beste hainbat lekutan ere eskaini dituzte emanaldiak: besteak beste, Hernaniko Gaztetxean, Zumaiako Gaztelekuan... Hamargarren saioa izango da dinamoan egingo dutena.