Patata tortilla lehiaketarekin eta zuhaitzaren entierroarekin, agur sanjuanei

Uztarria.eus 2017ko eka. 27a, 14:54

Atzo, astelehena, agurtu zituzten sanjuanak Urrestillan. Festak behar bezala amaitzeko, umeentzako jolasak, patata tortila lehiaketa, afari-merienda eta zuhaitzaren entierroa izan zituzten atzokoan. Patata tortila lehiaketan 11 bikotek hartu zuten parte, eta lehenengo postua erabakitzeko orduan, berdinketa izan zen lehenengo bi bikoteen artean. Urrestillako Festa Batzordeko kideak eta iazko txapelketa irabazi zuen gaztetxo batek osatu zuten epaimahaia, eta beren artean hizketan aritu ostean, Nekane Nazabal eta Olatz Unanueren patata tortila izendatu zuten goxoena bezala. Behin patata tortillarik goxoena zein zen jakinda, prestatutako jakiak dastatu zituzten parte-hartzaileek, eta ondoren afari-merienda egin zuten giro paregabean bertaratu ziren dozenaka eta dozenaka lagunek.

Mikel Larrañaga aizkolaria arduratu zen atzo San Juan zuhaitza botatzeaz, aizkora eskutan. Ondoren, herritarren laguntzarekin atera zuten zuhaitza plazatik, trikitilarien doinuak lagun. Ikusmira handia sortu zuen hitzorduak, eta ohi bezala urrestildar andana gerturatu zen bertara, sanjuanak agurtzera, hurrengo urtera arte.