Garmendikamp, errespetu bila

Urola Kostako Hitza 2017ko eka. 27a, 13:54
Adin ezberdinetako herritarrak aritzen dira Garmendikanp garbitzen eta txukuntzen. (Xabier Egino)

Duela lau urte hasi ziren dirt jump kirola egiteko Garmendikamp guneari forma ematen Azpeitiko hainbat gazte. Udalak proiektua garatzen laguntzea eskatzen dute sustatzaileek.

Dirt jump kirola praktikatzeko gunea da Garmendikamp. Duela lau urte hasi ziren proiektua gorpuzten Azpeitiko hainbat gazte, eta udalean eskaerak egin ostean lortu zuten Garmendi auzoan dagoen lur sailari forma ematea, ondoren bizikletekin jauziak egin ahal izateko. Gaur egun, 30 lagun inguru aritzen dira bertan ohikoa ez den kirola praktikatzen. Gero eta herritar gehiago hurbiltzen da bertara, baina Garmendikampeko kideek salatzen dute herritarrek ez dutela lur saila errespetatzen. Iñigo Garcia (Azpeitia, 1995) eta Loren Azkue (Azpeitia, 1990) arduratzen dira, beste hainbat lagunekin batera, Garmendiko lur saila txukun mantentzeaz. Haiek adierazi dutenez, jendeak ez dio "inolako errespeturik" dirt jumpean aritzeko guneari.

"Duela bi urte sartu ziren hondeamakinak gaur egun Garmendikanp dagoen gunera. Udalean eskaera egin genuen, eta bi egun aritu ziren lanean, aurrez egindako tontorrak egonkortzen eta haiei forma ematen. Orduz geroztik, ez da beste makinarik hurbildu bertara. Horregatik, gu aritzen gara lanean aitzurrak eskuan hartuta, lurrarekin egindako tontorrak ez daitezen desegin", azaldu dute. Dirt jumpa praktikatzeko guneak «mantentze lan handia» eskatzen duela azaldu dute, eta "herritarrek hori ez dakitenez", lur saila beste edozein parke edo zelai bezala erabiltzen dutela salatu dute: "Jendeak nahi duena egiten du bertan. Txakurren gorotzak, beira zatiak edo denetariko zaborra aurkitzea ohikoa da, eta hori benetan kezkagarria dela uste dugu. Izan ere, kirola egitera goazenok segurtasuna bermatuta izan behar dugu, eta lur saila zaborrez beteta badago ezin ditugu jauziak egin. Jendeak ulertu behar du futbol zelaiak errespetatzen diren bezala, errespetatu behar dela dirt jumpa egiteko gunea ere". Garmendikampeko kideek "seriotasuna eta ardura" eskatzen diete herritarrei, baina hori lortu ahal izateko baliabideak behar dituztela azpimarratu dute.

Udaletxera laguntza eske

Hondeamakinekin Garmendikampeko lurra egonkortzeko eskatu zutenean, beste eskaera batzuk ere egin zituztela azaldu dute, hala nola zaborrontziak jartzea eta gunearen izena eramango zuen kartel bat ipintzea. "Eskatutakoak jarri ez zituztenez", duela aste batzuk berriro jo zuten udalera, eskaerak egitera. "Duela bi urte hondeamakinek lurrari forma ematea lortu genuen, eta udalak lanik zailena egin zuen orduan. Baina ez zituzten eskatu genituen kartelak jarri. Faltan botatzen ditugu gunea izendatuko duten eta arauen berri emango duten kartelak. Hori ez ezik, lur saila hesiz inguratzea eta hondakinak botatzeko ontziak jartzea eskatzen dugu, hurbiltzen den jendeak ez ditzan hondakinak lurrera bota. Izan ere, guk jaso behar izaten ditugu bertan utzitako zerrikeria guztiak", azaldu dute. Bigarren eskaera egin ostean, "ezer" aldatu ez dela salatu dute.

Erreportajea osorik, Urola Kostako Hitzaren webgunean.