Europako eskuin muturraren gorakada eta migrazioak izango dituzte hizpide asteazkenean, Gaztetxean

Uztarria.eus 2017ko eka. 26a, 15:18

Asier Blas politologoak eskainiko du hitzaldia, 18:30ean hasita. Solasaldiarekin amaitutzat emango dute 'Mundua aztertuz, herri boterea hauspotu' izenburupean antolatutako hitzaldi zikloa.

Amaitzear da Europa eta Europar Batasunari buruz eztabaidatzeko eta "mundua iraultzeko" Azpeitiko Gaztetxeak, Elkar-ekinek eta Askapenak antolatutako 'Mundua aztertuz, herri boterea hauspotu' hitzaldi zikloa. Asteazkenean, ekainaren 28an, Asier Blas politologoak eta irakasleak eskainiko du azken solasaldia 18:30ean hasita, 'Migrazioak eta eskuin muturraren gorakada' izenburupean. Bertan, eskuin muturraren gorakada, gerra inperialistak eta horiek eragindako errefuxiatu-uholdea izango dira hizpide. 

Aurreneko solasaldian Venezuelaren egoeraz aritu zen Iñaki Gil de San Vicente hizlaria, Latinoamerica en la encrucijada. Las claves de la situacion en Venezuela izenburupean. Bigarren saioan Askapenak Europar Batasunaren inguruan egindako txostenaren aurkezpena egin zuten Askapenako bi kidek, eta EBren sorrera, helburuak eta dominazio-estrategiak izango zituzten mintzagai, besteak beste.