San Juan festa jendetsuak ospatzen jarraitzen dute Urrestillan

Uztarria.eus 2017ko eka. 26a, 13:20

Goizaldera arte luzatu zen zapatuko gau giroa eta gero, ez zuten atseden handirik hartu Urrestillako sanjuanek. Izan ere, San Juan Txiki eguna, festetako hirugarrena, izan zuten atzo, eta eguerditik aurrera jende asko ibili zen berriro festan. Sagardo dastaketa eta bazkaria izan zuten lehen hitzordua; 140 bat lagun elkartu ziren, Kaletxikian jarritako mahai luzearen bueltan. Ondoren, mus txapelketaren txanda iritsi zen; 49 bikotek parte hartu zuten eta, sei orduz luzatu zen lehiaren ondoren, Miguel eta Josi Aizpuru aita-seme urrestildarrek jantzi zituzten txapelak. Eta muslariak tabernaz taberna jokoan ari ziren bitartean, umeek hartu zituzten plaza eta inguruak. Puzgarriak ia jarri orduko kendu bazituzten ere, euri arriskuagatik, aurkitu zuten non dibertitu gaztetxoenek, eta berentzako merienda ere ez zuten falta izan.

Iluntzean, berriz, AGL dantza eskolako ikasleek areto dantzen erakustaldia egin zuten, ikuslez gainezka egon zen frontoian. Gauean, Erein taldeak eta Atropa Belledonnek elizako zimitorioan eskaini zuten kantaldiarekin amaitu zen atzoko festa egun luzea.

Gaur, azken eguna

Gaur, ekainak 26, bukatuko dira Urrestillako sanjuanak. Arratsaldean eta iluntzean izango dituzte azken eguneko hitzordu guztiak. Azkena, ohi bezala, San Juan arbolaren entierroa izango da. Aurten, gainera, aurreratu egin dute lizarra botatzeko ordua; 21:30 inguruan izango da.

Hau da San Juan hirugarrenerako festa egitaraua:

  • 17:00. Umeentzako jolasak.
  • 18:30. Patata tortila lehiaketa.
  • 20:30. Afari-merienda.
  • 21:15. Arbolaren entierroa.