Usadioak, jolasa eta umore ona Urrestillan San Juan egunean

Uztarria.eus 2017ko eka. 24a, 21:37

Atzo festak arbolaren, suaren, musikaren eta dantzaren bueltan hasi ondoren, gaur zaindariaren eguna ari dira ospatzen Urrestillan, eguerditik goizaldera arteko egitarau oparoarekin. San Juan eguneko usadioari jarraituta, lore sortak eskuetan joan dira herritar asko mezara, eta hura hasi aurretik egin dute prozesio jendetsua, Azpeitiko Udal Musika Bandak San Juan martxa jotzen zuen bitartean. Meza ondorenean, buruhandiak eta erraldoiak atera dituzte, eta bazkalondoan umeek beste hitzordu bat izan dute plazan, Xalto pailazoarekin.

Arratsaldeko ekitaldirik jendetsuena izan da Urrestillako eta Sanjuandegiko festa batzordeetako kideen arteko erronka dibertigarria. Lokotx-edalontzi billtzen, aulki jokoan, belaki jaurtitzen, soka dantzan, kantu asmatzen... Jolasez eta umorez bete dute plaza, ikusle mordoaren gozamenerako. Eta berdinketa izan da emaitza, Sanjuandegiko festetako 'joanekoan' bezala.

Gaueko festari begira jarrita daude orain Urrestillan. Sorgin poteoa, gazteen afaria eta Rodeo, Bad Sound System eta Trikimailu taldeen kontzertuak izango dituzte San Juan egunaren azken txanparako. Bihar, San Juan Txiki egunez, segituko dute festarekin.