Suak argitu du San Juan gaua

Uztarria.eus 2017ko eka. 24a, 11:26

Atzo ekainak 23 izan zen, San Juan bezpera. Tradizioari jarraituta, ehunka lagun bildu zen Azpeitiko plazan, eta suaren zein bere sugarren bueltan aritu ziren, dantzan. Arratsaldetik piztu zen festa giroa herrian, Orots taldeak eskaini zuen kontzertuarekin. Itsasi Euskal Kultur Taldeak eta Udalak antolatutako ikuskizuna hasi artean, sabelak betetzeko tartea hartu zuten plazan jarritako txotxera hurbildu ziren lagunek. Gauerdia baino ordu pare bat lehenago piztu zuten San Juan sua plazan, eta Itsasiko sorginek sugarren bueltan hainbat dantza eskaini zuten. Jaialdia ikustera bertaratutako dozenaka haur, gazte eta heldu ere batu ziren festara, eta korroa egin zuten plazan, suaren bueltan. Horrez gain, hainbat gaztetxok amaitu berri duten ikasturtean zehar pilatutako koadernoak eta liburuxkak sutara botatzeko tartea ere hartu zuen.

Hala, beste urte batez, kantuan eta dantzan agurtu zuten azpeitiarrek urteko gaurik magikoenetarikoa.

(Argazkiak: Uztarria eta Azpeitiko Udala)