Azpeitia Herriarteko Pilota Txapelketaren finalean izango da

Uztarria.eus 2017ko eka. 23a, 22:34
Azpeitiko seniorrak eta Ataungoak, finalaurreko itzulerako partidan.

Azpeitia 3 eta 0 nagusitu zaio Atauni finalaurrekoaren joaneko partidan. Hala, finalerako txartelarekin itzuliko dira herrira Ilunpeko pilotariak. Uztailaren 1ean jokatuko dute txapelketaren finala Oiartzunen aurka, Donostiako Atano III.a pilotalekuan.

Azpeitiak Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketaren txapela defendatuko du Oiartzunen aurka uztailaren 1ean jokatuko duen finalean, Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Gaur, ekainak 23, lortu dute finalerako txartela Ilunpe Pilota Elkarteko pilotariek, finalaurreko itzulerako partidan Atauni 3-0 irabazita. Nabarmen nagusi izan dira gaurkoan Azpeitiko hiru bikoteak. Kadete mailan, 2-22 aurreratu dira Ilunpekoak, jubeniletan 1-22 amaitu dute aurretik, eta seniorrek 3-22 irabazi dute beren neurketa. 

Kadete mailan Aimar Egigurenek eta Unai Alberdik ordezkatu dute Azpeitia; jubenil mailan Jon Alberdik eta Julen Egigurenek; eta senior mailan Markel Etxanizek eta Daniel Murgiondok. Ataungo taldeak ordezko jokalariak atera ditu kantxara gaurkoan, eta ezin izan dute markagailuan aurretik bukatu. 

Finalaurreko joaneko partida estuagoa izan zen bi taldeentzat. Orduan, Azpeitiak 2-1 hartu zuen mendean Ataun, eta seniorren neurketa erabakigarria izan zen. Unai Alberdik eta Mikel Unanuek 7-22 galdu zuten beren partida joanekoan. Jubenil mailan, Gorka Iriarte eta Jon Alberdi 22-1 nagusitu ziren, eta senior mailan ere Azpeitia izan zen nagusi: Markel Etxanizek eta Daniel Murgiondok 22-16 irabazi zuten.

Aurtengo Gipuzkoako Herriarteko Pilota txapelketa maiatzaren 7an hasi zen, baina Azpeitiko taldea maiatzaren 21ean murgildu zen lehian, zozketak hala erabakita. Aurreneko aurkaria Tolosa izan zen Azpeitiarentzat, eta joaneko zein itzulerako partidak kontuan izanda, 5-1 nagusitu ziren Ilunpeko pilotariak. Final laurdenak bereziak izan ziren, Azkoitiko taldea izan baitzen azpeitiarren aurkaria. Joaneko partida etxean jokatu zuten Ilunpekoek, eta 3-0 gainditu zituzten Azkoitikoak, bete-beteta zegoen Frontoi Txikian. Itzulerako partidak Azkoitiko Gurea pilotalekuan hartu zuen leku, eta estu-estua izan zen. Azkenean, 2 eta 1eko emaitzarekin itzuli zen Azpeitia etxera, finalaurrekorako txartela poltsikoan zuela. Orduan ere herritarren babesik ez zitzaien falta izan Ilunpeko mutilei, dozenaka eta dozenaka azpeitiar hurbildu baitziren Azkoitiko pilotalekura, herriko taldeari babesa erakustera.

Iaz bosgarren aldiz irabazi zuen Azpeitiak Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa, Astigarraga 3 eta 0 mendean hartuta. 2004an, 2008an2010ean2015ean eta 2016an jantzi du Azpeitiak Herriartekoaren txapela. Horrez gain, 2008an eta 2015ean Euskal Herriko Herriarteko Txapelketa ere irabazi zuten Azpeitiko pilotariek.