Dena prest Urrestillako eta Oñazko sanjuanetarako

Uztarria.eus 2017ko eka. 23a, 14:05

Afariak, kontzertuak, umeentzako jolasak, mus txapelketa eta patata tortila lehiaketa izango dira Urrestillan datozen egunetan. Gaur, gauerdian, arbola sartuko dute; jarraian San Juan sua piztuko dute, eta suaren inguruan dantzaldia eskainiko dute urrestildarrek. Oñatzen, bihar eta etzi ospatuko dituzte festak.

Joan den ostiralean, hilaren 16an, hasi ziren Urrestillako sanjuanak Irribarria-Zabaleta eta Altuna III-Rezustaren arteko pilota partidarekin. Baina, gaur, ostirala, emango diote ofizialki hasiera festei Urrestillan. Lau egunez luzatuko diren festek ekitaldiz betetako egitaraua izango dute aurtengoan ere, besteak beste, afariak, kontzertuak, umeentzako jolasak, mus txapelketa eta patata tortila lehiaketa izango dira Urrestillan datozen egunetan. 

Urtero bezala, gaur sartuko dute San Juan zuhaitza plazan, eta jarraian San Juan sua piztuko dute. Aurtengoan, berrikuntza bezala, dantzaldia eskainiko dute urrestildarrek suaren inguruan. Gaurko ikuskizuna eskaintzeko hainbat ikastaro eskaini dituzte azken asteetan. 

Hemen, datozen egunetako egitaraua osorik:

Ekainak 23, ostirala: San Juan bezpera

  • 20:00. Poteo herrikoia.
  • 21:00. Pregoia eta festen hasierako suziria. Segidan, herri afaria.
  • 00:00. San Juan zuhaitza sartu.
  • 00:30. San Juan sua piztu eta suaren inguruan dantzaldia. Ondoren, Laket taldearen emanaldia.

Ekainak 24, zapatua: San Juan eguna

  • 11:45. Azpeitiko Udal Musika Banda.
  • 13:00. Buruhandiak. 
  • 16:00. Xalto Pailazo ipuin kontalaria.
  • 18:00. Urrestilla eta Sanjuandegiren arteko erronka.
  • 19:30. Sorgin poteoa.
  • 21:00. Gazte afaria.
  • 23:00. Rodeo, Bad sound system eta Trikimalu taldeen kontzertuak.

Ekainak 25, igandea: San Juan txiki

  • 12:30. Sagardoa.
  • 14:00-14:45. Mus txapelketarako izen ematea. 
  • 15:15. Mus txapelketa.
  • 16:00. Puzgarriak.
  • 17:30. Merienda.
  • 20:15. AGL saloiko dantza emanaldia.
  • 22:30. Erein eta Atropa belledonne taldeen kontzertuak.

Ekainak 26, astelehena: San Juan hirugarrena

  • 17:00. Umeentzako jolasak.
  • 18:30. Tortila patata lehiaketa.
  • 20:30. Afari-merienda. 
  • 21:15. Zuhaitzaren entierroa.

Sanjuanak Oñatzen

Oñatzen ere ospatuko dituzte San Juan festak asteburuan. Bihar eta etzi izango dituzte festetako hitzorduak oñaztarrek. Hona hemen, prestatu duten egitaraua.

Ekainak 24, zapatua:

  • 11:00. Meza, Azpeitiko koroaz lagunduta. Ondoren, auzotarren hamaiketakoa eta trikitilariak eguerdia girotzeko. Gauez afaria.

Ekainak 25, igandea:

  • 12:00. Meza. Ondoren, herri kirolak trikitilariekin batera.