Aztikeriak esku artean

Gipuzkoako Hitza 2017ko eka. 23a, 12:36
Iban Bergara txotxongilo egilea. (Maialen Etxaniz)

Magia egiten duten pertsonaiak dira aztiak, sorginkeriak egiten dituzten ilusio sortzaileak. Azpeitian bada azti bat gaur egun, eta, sorginkeriak egiten ote dituen jakin ezin bada ere, jakina da txotxongiloak egiten dituela. Iban Bergara (Azpeitia, 1986) da bera, iaztik Aztia izenpean aritzen den txotxongilo egilea. Lamia, Mari, Tartalo eta beste hainbat pertsonaia izan ditu bidaide orain artean.

"Haurra nintzenetik izan dut harremana txotxongiloekin eta antzerkiarekin. Hala ere, duela bi urte inguru Durangoko artisauen azokan ikusi nituen txotxongilo batzuek piztu zidaten sortze prozesura saltoa egiteko grina”, azaldu du. “Ezustean egin nuen topo txotxongilo haiekin, eta nire arreta piztu zuten, panpinek zuten espresioagatik, batez ere. Handik gutxira, aspertuta nengoen egun batean ekin nion panpinak egiteari. Izan ere, ni ez naiz mendizalea edo futbolaria, eta denbora-pasa hasi nintzen sortzen”. Bizardun bat izan zen Bergarak egin zuen aurreneko txotxongiloa, eta lagun bati oparitu zion gero. Lehenengoa egin eta gutxira iritsi zen bigarrena: Che Guevararen irudia.

Bergarak ez zuen txotxongiloak egiten jarraitzeko asmorik, Azpeitiko Kultur Mahaiak eta udalak martxan jarritako sorkuntza beka iritsi zen arte. Beka horren helburua da herriko sortzaileei beren proiektuak gara ditzaten sostengu ekonomikoa ematea. Iaz jarri zuten abian, eta hamar proiektu aurkeztu ziren deialdira. Horietatik bostek jaso zuten diru laguntza, tartean Bergarak aurkeztu zuen proiektuak: euskal mitologiako pertsonaien txotxongilo sorta. “Lanean hasteko izugarrizko bultzada izan zen sorkuntza beka. Izan ere, behin proiektua aurkeztuta eta saria jasota, handiagoa da konpromisoa. Gainera, bekak aukera eman zidan gaiaren inguruan gehiago informatzeko, esperimentuak egiteko eta txotxongiloen munduan saltsan ibiltzeko”, azaldu du. Ia urtebete inguru igaro zuen euskal mitologiako pertsonaiak txotxongilo bihurtzen.

Erreportajea osorik, Gipuzkoako Hitzaren webgunean.