Desafio egunaren atarian "gogotsu eta prest" daude Mikel Larrañaga eta Alex Txikon

Uztarria.eus 2017ko eka. 22a, 17:05

Egun handirako atzera kontaketa hasi dute Alex Txikon alpinistak eta Mikel Larrañaga aizkolariak. Harri-jasotzea, aizkora eta korrika batzen dituen norgehiagoka jokatuko dute lemoarrak eta azpeitiarrak uztailaren 1ean, Azpeitiko zezen plazan. Bizkaiko mendigoizaleak martxoa bukaeran bota zion Larrañagari desafioa, eta uztailaren 1a gainean egonik, egun gutxi falta dira bi kirolariek azken hilabeteetako lanaren emaitza plazaratu dezaten.

Azpeitiko zezen plazan izan dute hitzordua bi kirolariek gaur eguerdian, nor baino nor lehiatuko diren desafioaren nondik norakoak aurkezteko. Xabier Amuriza bertsolariak behinola adierazi zuen bertsoa Euskal Herriko kirol nazionala dela, eta harri-jasotzea, aizkora eta korrika batzen dituen euskal triatloiaren gaurko agerraldia kantuan hasi dute, Anjel Mari Peñagarikanok bota duen bertsoarekin. Albizturdarrak bi kirolariak aurkeztu ditu abestu duen bertsoan: "Izarraizpeko izarra da bat, ta haitza bezain gogorra, eta bestea lemoarra da, Arratiako txekorra, bi kirolari izugarriak, biak aurrez aurre horra".

Desafiorako "gogotsu"

Ondoren, bi kirolariek hartu dute hitza, bakoitzak norbere burua aurkezteko. 35 urte ditu Arratiakoak, eta 76,5 kilo pisatzen ditu. Azpeitiarrak, berriz, 27 urte ditu, eta 97 kilo da, arerioa baino 20,5 kilo gehiago. Txikonek adierazi du bera mendigoizale bezala dela ezaguna, eta gaineratu du "8.000 metroko hamabi gailur" eginak dituela. Azken urteetan Azpeitiko zezen plazan egingo duen hirugarren apustua du lemoarrak: Jose Felix Zubizarretaren aurak aritu zen, 2009an, eta 2010ean Joseba Otaegiren kontra. Galdu egin zituen bi erronkak, eta esaerak dioen bezala, hirugarrenean garaipena eskuratu nahi du. Txikonek gaineratu du "gogotsu" dagoela uztailaren 1eko probarako. Larrañaga, berriz, Gipuzkoako Bigarren Mailako Aizkolari Txapelketan nagusitu zen, 2013an. Herrialdeko lehen mailan urtebete eginda eta Jose Mari Olasagasti edo Iñaki Azurmendi bezalako kirolariei gain hartuta, 2014an Lehen Mailako Txapelketa irabazi zuen. Iaz, berriz, Gipuzkoako Lehen Mailako Aizkora Txapelketaren finalean aurrena egin zuen, eta Euskal Herrikoan hirugarren. Duela zazpi urte erdi jolasean hasitakoa, afizio serioan amaitu da azpeitiarrarentzat, eta Txikonen kontra indarrak neurtzeko "prest eta gustura" dagoela esan du.

Egin beharreko lanak

Hiru modalitateen ordenari dagokionez, herri kiroletako ohitura jarraituko dute, eta hauek izango dira egin beharko dituzten lanak: lehenbizi, 100 kiloko zilindro zaharrari 20 jasoaldi eman beharko dizkio bakoitzak. Harriarekin egin beharreko lanak bukatzean, Larrañagaren berezitasuna den aizkora saioari ekingo diote. Horregatik, lemoarrak hamar kanaerdiko ebaki beharko ditu, azpeitiarrak baino bi gutxiago. Desafioa errematatzeko, zezen plazari bueltaka 7,5 kilometro egin beharko dituzte korrika. Egun horretan beroa arerio nagusi bilakatu ez dadin, erronka 19:00etan jokatuko dute.   

Sarrerak dagoeneko salgai

Alex Txikon eta Mikel Larrañaga aurrez aurre ikusi nahi dituenak 30 euro ordaindu beharko du sarrera. Antolakuntzak 3.000 sarrera baino gehiago jarri ditu salgai: Azpeitian Mendizabal eta Landeta erretegietan eros daiteke eta Bilbon Mendata Berria jatetxean. Bilbotik datozenek sarrera eta autobusean joan-etorria egiteko txartela eros ditzakete, 40 euroren truke. Alde bakoitzak 6.000 euro jarriko ditu. Sarreren salmentetatik lortutako irabaziak bien artean banatuko dituzte, gastuak kenduta.