Berrituta eta indartuta itzuli da Joxe Takolo beka

Uztarria.eus 2017ko eka. 21a, 21:35

Iaz Lagun Onak MBk jaso zuen goi-mendizaletasunarekin lotutako proiektuak bultzatzeko beka. Hiru ziren elkartearen helburuak: inguruotako mendi zaletasuna ikertzea eta sustatzea, bekaren egoera aztertzea eta Takolo zenaren irudia zabaltzea. Iazko apirilean hasi ziren lanean, eta gaur, asteazkena, aurkeztu dituzte ondorioak. Aurtengo Joxe Takolo bekara proiektuak aurkeztea nahi duten pertsonek uztailean eta abuztuan egin beharko dute. Irailean jakinaraziko dute zein den lanik onena. 

Lagun Onak Mendi Bazkunak hilabeteetan egindako azterketa lanaren ostean, egokitzapenak eginda eta indartuta dator Joxe Takolo beka. Iazko edizioa inflexio puntua izan zen diru-laguntzaren ibilbidean. Izan ere, azken urteetan deialdira aurkeztutako proiektuen kalitatea eta kopurua jaitsi zela ikusita, kezka agertu zuten Lagun Onak Mendi Bazkunak eta Azpeitiko Udalak. Bekaren gaineko diagnosi sakon bat egin behar zela nabarmendu zuten orduan, eta horregatik, 2016ko diru-laguntza Lagun Onak MBk jaso zuen, hiru helburu nagusirekin: inguruotako mendi zaletasuna ikertzea eta sustatzea, bekaren egoera aztertzea eta Azpeitian zein Euskal Herrian Takolo zenaren irudia zabaltzea.

Joxe Urbieta Takolo azpeitiar mendizalearen omenez, goi-mendizaletasunarekin lotutako proiektuak bultzatzeko sortu zuen Udalak Joxe Takolo Beka, 2001ean. Egin du euririk orduztik, eta hamasei urte horietan guztietan goi-mendizaletasunean egon diren aldaketak aztertzen aritu da Lagun Onak MB iazko apiriletik. Aitor Unanue mendi bazkunako lehendakaria arduratu da azterketa koordinatzeaz, eta hark azaldu duenez, ildo ezberdinak aztertu dituzte: bekaren bilakaera, mendizaletasunaren diagnosia, Joxe Takolo bekaren egoera eta deialdian aurkezteko oinarrien aldaketa. Horretarako, 15-20 elkarrizketa egin dituzte, goi-mendizaletasunaren munduan murgildutako pertsona ezberdinen aburuak ezagutzeko.

Bekaren bilakaerari dagokionez, urteak aurrera joan diren heinean indarra galtzen joan dela esan du Unanuek: "Hasierako bost urteetan mardulak eta sakonak izan ziren deialdira aurkeztutako lanak, baina 2006an egondako hutsunaren ostean, eskaladari lotutako lanak aurkezten hasi ziren. 2010etik aurrerako urteak. berriz, nahasiak izan dira". Bost edo lau proiektu jasotzetik bat ere ez aurkeztera igaro zen Joxe Takolo beka, eta laguntzaren oinarrietako bat den goi-mendizaletasunak protagonismoa galdu zuen. "2015ean diruz lagundu zen azken lana zientzia eta dibulgaziora bideratutakoa izan zen, eta horrek erakusten du nola aldatu den beka azken urteetan". Horregatik, aurten indarrak jarri dituzte irudia indartzen eta oinarriak finkatzen. 

Diru-laguntzaren aldaketaren eta egoeraren azterketa ez ezik, mendizaletasunaren diagnosia egin du Lagun Onak MBk. Aitor Unanuek azaldu duenez, ondorioa da "osasuntsu" dagoela, baina "gizartea aldatu den bezala", goi-mendizaletasuna ere nabarmen aldatu dela. "Mendi elkarteak husten ari dira, eta biltzen den jendearen adinaren batezbestekoak gora egin du, mendizaleek hartzen duten konpromiso maila txikiagoa da eta teknologia berriek elkarteetako kideen beharrik ez izatea ekarri dute", azaldu du Lagun Onak MBren lehendakariak. Horregatik, egiten diren espezidioen kopuruak "nabarmen" behera egin duela azpimarratu du, eta horrekin batera Joxe Takolora aurkeztutako proiektuak.

Irudi berria eta oinarrien aldaketa

Lagun Onak Mendi Bazkunak egindako azkerketaren arabera, "jende askok ez du bekaren berri". Hori aldatzeko marketing kanpaina bat diseinatzen hasi zen mendizaleen elkartea, eta egin beharren artean zerrendatu zituzten irudi propioa sortzea, prentsa idatzian leku gehiago bereganatzea eta Interneten webgune propioa sortzea, besteak beste. Oraingoz, irudi berria aurkeztu dute, eta hori izango da aurtengo edizioan eta hurrengoetan Joxe Takolo bekaren logoa. 

Proiektuak deialdira aurkezteko bete beharreko oinarriak ere aldatu zein finkatu dituzte. Honako hauek izango dira oinarri berriak: 

  • Joxe Takolo bekara aurkezten diren proiektuak, goi mendia, abentura, zientzia, esplorazioa eta bere zabalkundearekin zerikusia dutenak izango dira (alpinismo klasikoa, mota guztietako eskaladak, eskia, BTT, kayak, espeleologia, zientziak, parapente...). Proiektuak ahal den neurrian originalak, esploratzaileak eta dibulgatiboak izan beharko dute. 
  • Beka irabazi duen proiektuak Joxe Takolo bekaren irudia eraman beharko du. 
  • Behin jarduera burututakoan, proiektuaren zabalkundea egin beharko da. Hau da, proiektuaren xehetasunak azaldu beharko dira Lagun Onak MBn eta Tolosako Antxon Bandres bidaiarien txokoan. 
  • Bekara aurkezten den proiektuaren partaideak mendiko profesionalak badira, proiektuak ezingo luke partaidearen profesioarekin zerikusirik izan. 
  • Proiekturik aurkeztuko ez balitz, bekako dirua Joxe Takolo beka indartzera bideratuko da. 

2017ko Joxe Takolo

Aurten, ikerketa prozesuaren ondorioz, ohi baino beranduago zabalduko dute bekara lanak aurkezteko epea. Estitxu Elduaien zinegotziak azaldu duenez, "dagoeneko jendea ari da bekaren inguruan galdezka", eta interesa dutenek, beraien proiektuak uztaila eta abuztua bitartean aurkeztu beharko dituztela azaldu du. Horrez gain, aurreratu du irailean jakinaraziko dutela zein den aurtengo edizioko proiektu irabazlea.