Hazparneko festetako danborradan hartuko dute parte azpeitiarrek

Uztarria.eus 2017ko eka. 21a, 13:18
Helduen danborrada plazan, aurtengo San Sebastian bezperan.

Sansebastianetako umeen danborradara hango umeak etorri ziren bezala, orain Azpeitiko helduen danborradaren hamabi taldetako 60 bat lagun joango dira Lapurdiko herrira. Igandean izango da, hango sanjuanen barruan. Bi herrien arteko senidetzaren 30. urteurrenaren barruko beste ekitaldi bat izango da.

Asteburuan toki askotan ospatuko dituzte San Juan festak, baita Hazparnen ere. Azpeitiarekin senidetutako herriko jaiak izango dira datozen egunetan, eta azpeitiarrek ere parte hartuko dute. Hain zuzen ere, igandean, ekainak 25, egingo dute Hazparneko festetako danborrada, eta Azpeitiko helduen danborradaren 60 bat kide han izango dira. Aurtengo Sab Sebastian festetako umeen danborradan Hazparneko umeek hartu zuten parte, eta orain Azpeitiko helduak izango dira hazpandarrekin festan elkartuko direnak, bi herrien arteko 30. urteurrena ospatzeko egitasmoen barruan.

Sansebastianetako danborradan irtetetzen diren hamabi taldetako ordezkariak joango dira Hazparnera, bakoitza bere taldearen jantziekin. Barrenetxea, Oilo Soro, Sanjuandegi, Zokoa, Basazabal, Alkartasuna, Loiolabidezar, Gure Ametsa, Harkaitza, Etxerat, Arrantzaleak eta Gastadoreak dira Hazparnen ordezkariak izango dituztenak, eta Jainekin txarangakoak ere haiekin batera joango dira. Igandean, 08:00etan irtengo dira Azpeititik, bi autobusetan.