Jose Urbistondo: "Orain badakigu gure aurrekoen hezurrak non dauden"

Urola Kostako Hitza 2017ko eka. 21a, 12:44
Jose Urbistondo. (Julene Frantzesena)
Gernikako hilerriko hobi komun batean lurperatuta dauden 82 gudari omendu zituzten larunbatean, Gipuzkoatik Gernikara ekitaldian. Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu zuen omenaldia; izan ere, hobiratutako gudari gehienak gipuzkoarrak dira. Azpeitikoak dira lau: Francisco Iparragirre, Jose Urbieta, Dionisio Urbistondo eta Leandro Plazaola. Jose Urbistondoren, Dionisio Urbistondoren ilobarekin, hitz egin du Urola Kostako Hitzak.

Artean jaiotzeko zegoen Jose Urbistondo (Urrestilla, 1943) bere osaba Dionisio Urbistondo Loiola batailoiko gudaria hil zutenean. Legutioko ofentsiban hil zuten urrestildarra, tiroz.

Ez zenuen osaba ezagutu, baina zer kontatu dizute hari buruz?

25 urterekin hil zuten osaba, 1937ko urtarrilaren 1ean. Ni jaiotzeke nengoen orduan, baina gerora, etxeko logela batean haren argazki handi bat zegoela gogoratzen dut. Lau anaia ziren nire aita-eta, eta laurak ibili ziren gerran. Hiru zapadoreetan lanak egiten, eta Dionisio batailoian, infanterian, lehen lerroan. Bagenekien osaba Legutio eta Otxandio artean ibili zela; izan ere, estrategia bat zuten Gasteiz hartzeko, baina ez zen iritsi, hil egin zuten mendi maldaren batean. Anaia guztiek oso sentipen indartsuak zituzten gudariak eta abertzaleak zirelako, eta beti kontatu izan digute osabarekin zer gertatu zen. Halere, hortik aurrera ez genuen zehaztasun handirik.

Eusko Gudarosteko kide izan ziren, beraz, lau anaiak.

Bai, Loiolako komandantziarekin konprometitu ziren, eta gero batailoietan banatu zituzten. Orduan ohikoa zen gizonak gerrara joatea eta emakumeak etxean gelditzea. Eta gure etxean ere hala izan zen, ama eta amama etxean gelditu ziren. Garai gogorrak izan ziren. Osaba Basilio zapadoreetan, eta, ondoren, trabajadoreetan ibili zen zazpi bat urtez. Nire aita, berriz, lehentxeago itzuli zen. Eta beste osabaren, nire aita pontekoa zenaren, berri gehiegirik ez dut.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.