Iker Bueno: "Une onean nago, eta jarrai dezaket"

Uztarria.eus 2017ko eka. 20a, 21:13
Iker Bueno Loiolako basilikaren eskaileretan, baloia eskuetan duela.

Ekaineko Uztarria aldizkaria webgunean ere irakur daiteke dagoeneko (hemen, PDF formatuan). Herri aldizkariaren 195. zenbaki horretan, besteak beste, Iker Bueno elkarrizketatu du Uztarriak. ISBko gizonen lehen taldea gidatzen aritu da Bueno azken urteotan. Espainiako Urrezko LEB Mailara igota, ez daki taldean segituko duen.

Kiroldegian denbora asko pasatu duela eta, Loiolan jarri du elkarrizketarako hitzordua Iker Buenok. Izarraizpean bizi den arren, "loiolatarra" deitu izan diotela dio barre artean. Loiolako basilikaren eskaileretan, bisitarien artean baina etxetik gertu, egin du Sammic ISBrekin bizi izan duen denboraldi gogoangarriaren eta saskibaloi ibilbidearen errepasoa, patxadaz. Denboraldia hasterako zituzten sentipenak ahaztu gabe, denboraldia bukatzean egindako lanaz honako balorazioa egiten du Buenok: "Uste dut hamarretik hamaika bat merezi duela taldeak".

Denboraldia bukatzean, Urrezko LEB Mailara igota, "laino batean bezala" zeundela esan zenuen. Jaitsi al zara laino horretatik?

Berehala jaitsi nintzen. Astebete edo bi aste pasatzean, gauzak normaldu egiten dira. Lehen egunetan hedabideetatik deitzen dizute, eskerrak ematen ere bai instituzioetatik, eta burbuila moduko batean sentitzen zara. Izan ere, ez duzu pentsatzen zenbaterainoko oihartzuna izan dezakeen lortutakoak. Baina lanean ere ari naiz, eta ez dut denbora gehiegi izan laino horretan segitzeko.

Ospakizunetarako eta atseden hartzeko tartea hartuko zenuen, ezta?

Denboraldia bukatzeko partida baten faltan igo ginen mailaz. Azken partida etxean jokatu behar genuen, eta aste horretan normaltasunez entrenatu genuen. Azken partida jokatu eta gero, atzerriko jokalariak beren etxeetara itzuli ziren, eta hemengoek beren bidetik segitu dute. Ez dugu entrenamendurik egin harrezkero. Deskonektatzeko unea da hau; izan ere, zazpi hilabete pasatu ditugu egunero-egunero elkarren aurpegiak ikusten. Eta bai, parrandaren bat egin genuen taldeko kide guztiok.

Mailaz igo zarete, baina igoera gauzatzeko aukerarik izango al duzue?

Badut esperantza, ez baita izan egun batetik bestera hamar jokalari berri ekarri eta mailaz igo garela. Pixkanaka-pixkanaka eman ditugu pausoak, astakeriarik ez dugu egin klubaren ekonomiari dagokionez, eta uste dut hori garrantzitsua dela maila igoera gauzatzeko. Argi dago aldundiaren eta udalaren laguntzarik jasotzen ez badugu eta babeslerik lortzen ez badugu, ia ezinezkoa izango dela. Uste dut, orain arteko filosofiari eutsita, urtebeteko saiakera egitea badagoela. Izan ere, kontua ez da zortzi jokalari fitxatu, dirua gastatu, eta ezertarako balio ez duela ikustea. Etxeko jendeari heldu behar diogu, eta horiei aukera eman maila berrian jokatzeko.

Zer garrantzia dute etxeko jokalariek?

Garrantzitsuak dira oso, bi gauzagatik. Batetik, epe ertain edo luzerako proiektua nahi bada, etxeko jendearekin osatu behar delako taldea. Ezin da hamabi jokalari fitxatu eta denboraldiro talde berria egiten aritu. Baskoniak horrela funtzionatzen du, baina utopia bat da. Herri bateko klub baten oinarrian egon behar du bertako jendeari aukera emateak. Gu Urrezko LEBera iritsi gara orain, baina egunen batean ACBra iritsiko bagina ere, filosofia horrekin heltzea nahiko nuke. Bestalde, Gipuzkoan zaleoi kostatu egiten zaigu talde batekin identifikatzea. Parte sentitze horretan, pisu handia du etxeko jendeak. Beraz, Gipuzkoako taldeei, diren mailakoak izanda ere, ez diet etorkizunik ikusten ez badute etxeko jokalarien aldeko apusturik egiten. Afizioa sortzeko, gertutasuna eman behar zaio jendeari.

Entrenatzaile lanetan segituko duzu?

Ez dakigu ez nik eta ez klubak. Lanean ere ari naiz, eta mailaz igotzeak beste eskakizun batzuk ditu. Espainiako bigarren liga da, eta ia entrenatzaile guztiak profesionalak dira. Lehenik ikusi beharko da zer baldintza bete behar diren maila horretan entrenatzaile izateko, eta, gero, nik baldintza horiek betetzen ditudan edo ez.

Jokalari izandakoa zara...

Saiatu nintzen jokalari izaten, bai (kar, kar, kar). Denei gauza bera azaltzen diet: jokalaria nintzen, baina txarretakoa, eta gustura ibiltzen banintzen ere, ez nintzen nabarmentzen. Pixkanaka, beste gauza batzuk probatzen hasi nintzen: gaztetxoekin epaile, entrenatzaile, selekzioarekin laguntzaile... Espainiako txapelketa batera joan nintzen euskal selekzioarekin, eta han piztu zitzaidan harra. Ondoren, gizonen taldeko entrenatzailearen laguntzailea izateko aukera eman zidan ISBk. Ordura arte, infantilen talde bat soilik entrenatu nuen, eta pakete bat nintzen. Aukera eman zidaten, ordea, eta erabaki nuen tren hura hartzea. Eta honaino iritsi naiz, nahiz eta horrek ez duen esan nahi denboraldi guztiak bukatu berri dena bezalakoak izan direnik.

Kluba barru-barrutik ezagutzen duzu. Aldea da?

Etxeko entrenatzailea izateak bi alde on ditu: batetik, kluba eta taldeko jendea asko ezagutzen dudala eta badakidala zer behar duten; eta, bestetik, ego pertsonala. Izan ere, kanpoko entrenatzaileak emaitza jakin baten bila etortzen dira, eta etxekoa izanda, garrantzia gehiago ematen diezu beste gauza batzuei, hala nola etxeko jokalariei aukera emateari edo emaitzen gainetik kirolariak hobetzeari. Beste batzuk dira helburuak. Halere, askotan gogorra da, min handia sortrzen baitu zure herrian, zure jendearen eta lagunen aurrean, zortzi partida jarraian galtzeak. Gehiago bizitzen duzu dena, nik uste.

Lau denboraldi egin dituzu Zilarrezko LEB Mailako entrenatzaile postuan. Zertan aldatu da taldea urte guztiotan? Eta zu?

Taldeak bilakaera izan du. Lehen denboraldian ez nituen ezagutzen ligak zer eskakizun zituen, ez nituen jokalariak aurkitzen eta asko kanpokoak ziren. Denboraldia bukatu eta berriz ere hutsetik hasi behar izaten genuen. Hura ez zela posible ikusi eta buruari bueltak eman ostean, filosofiaz aldatu genuen. Gipuzkoako jendeari aukera ematea erdietsi genuen, garapena hortik etorriko zela sinetsita. Iritsi da unea zeinetan jokalari batzuek bigarren denboraldia egin duten taldean. Elkar asko ezagutzen dugu, gertutasun handia daukagu bai kantxan eta bai handik kanpo, eta horrek balio erantsia ematen du. Niri dagokidanez, berriz, esango nuke lehen ez nuela maina askorik; oso metodikoa nintzen, beti egurra ematen aritzen nintzen, eta aldatu egin naiz. Saiatzen naiz jokalariak motibatzen; beraz, jarrera aldetik ere aldatu naiz. Lasaitasuna, urteek ematen duten patxada, lortu dut azken urteotan.

Konfiantza ere lortu duzu?

Bai. Lehen urtean, beldurrez ez, baina niretzat gehiegi izango ote zen kezka banuen. Baina gauzak ondo egitean ikusten duzu jokalariek ere erantzuten dutela, eta hori garrantzitsua da. Horrek ematen du aurrera egiteko indarra.

Zilarrezko LEB Mailako entrenatzaile gazteena izan zara. Nabaritu duzu hori?

Hala izan naiz, eta federaziokoek esan didatenez, mailaz igotzea lortu duen entrenatzailerik gazteena ere bai. Orokorrean ez dut nabaritu gaztea naizelako alderik, baina jokalariren batek jarri nau aproban. Normala ere bada, pentsatuko dute: "28 urte bakarrik ditu, hau ume moko bat da". Halere, taldeko jokalari gehienak nire adin bueltakoak dira, eta denboraldia hasi eta lehen bi asteetan ikusi zuten saiatzen naizela eta daukadan guztia ematen dudala. Nik uste geuk buruan ditugun aurreiritzietatik gehiago duela adinaren kontuak. Behin galtza motzak eta kamiseta jantzitakoan, kito; ez dago desberdintasunik.

Afizioa lagun izan duzue. Nola nabaritzen da harmailetako beroa kantxan?

Gaizki ohitzen ari gara, izugarrizko afizioa dugu. Zazpi urte daramatzat mutilen lehen taldean, eta partida batean ere ez dut ikusi jende gutxi kiroldegian. Zortzi partida jarraian galdu, eta afizioa txaloka ikustea izugarria da. Ez gara jabetzen dugun zorteaz, eta "eskerrik asko" bat ez da nahikoa zaleei eman diguten babesa eskertzeko.

Zer harreman duzue Gipuzkoako gainerako klubekin?

Bakoitzak geureari begiratzen diogu. Ireki behar genuke pixka bat, jokalarien trukeak-eta egiteko; izan ere, hartu egin behar da, baina eman ere bai. GBC hor dago, baina... Mailaz igo dira, eta oso ondo, baina ia hiru milioi euroko zorra dauka. Xabi Oroz gure jokalari ohia han dago. Nik uste taldeak zatitzen ari garela, eta elkartu egin behar genukeela. Elkarri mina egiten ari gara. Gipuzkoan, guztiok elkartzen gara edo dena pikutara joango da. Harremanak normaldu behar ditugu. Garbi daukat Gipuzkoako lehen taldeak Donostian egon behar duela, horretan ez dut zalantzarik, baina jarrera aldatu behar dute batzuek.

Zer eman dizu Iraurgik? Eta kendu?

Garrantzitsuena: lagun on asko. Txapeldun izan gara, baina aurten, eta hemendik bi urtera lagunak hor izango ditut. Bestalde, pertsona bezala hazi eta heldu egin naiz. Kendu, berriz, ordu asko kendu dizkit, lan asko eskatzen baitu entrenatzaile izateak. Dena den, denbora kendu dit, baina saskibaloia gustuko dudalako.

Entrenatzaile lanetan ikusten duzu etorkizunean zure burua?

Ikusi bai, baina ez dut behar hori. Une onean nago, eta jarrai dezaket, baina ez dut beharrik sentitzen maila honetan segitzeko. Ez daukat arazorik talde gazteagoak entrenatzeko edo beste bide bat hartzeko. Gustura ibili naiz, gustukoa dut, eta aukera emanez gero, ezin ezetz esan, baina uneotan ez da ezinbestekoa nire bizitzan.