Uztailaren 1ean hasiko da "berezia" izango den Azpeitia Dantzan

Uztarria.eus 2017ko eka. 20a, 21:06
Leila Iraola (Itsasi), Irati Aranguren eta Ainara Unanue (Sahatsa), Josu Labaka eta Ainara Orbegozo zinegotziak eta J.M Orbegozo. (Maialen Etxaniz)

Itsasi Dantza Taldeak 40 urte bete ditu aurten, eta urtemuga hori dela eta izango da berezia aurtengo Azpeitia Dantzan, eta ez horregatik bakarrik. Izan ere, oholtzara igoko dira berriro Sahatsako dantzariak zein MueBT Txapelketatik sei garaikurrekin itzuli ziren Jose Mari Orbegozo eta Amaia Gonzalez eta beren ikasleak.

Uztaila gerturatzen ari da, eta horrekin batera Azpeitia Dantzan egitasmoa. Uztailaren 1ean, zapatua, hasiko da aurtengo edizioa eta hilaren 15era arte luzatuko da. Bertan parte hartuko duten hiru taldeak herrikoak dira: Itsasi Dantza Taldea, Dantzaki eskola eta Sahatsa Dantza Taldea. 

Aurtengo edizioa "berezia" izango dela esan du Josu Labakak, arrazoi ezberdinak direla eta. Aurten 40 urte bete ditu Itsasik, eta urteurren horri lekua emango dio aurtengo Azpeitia Dantzanek. Itsasiren ibilbidean zehar dantza taldean aritutako dantzariak, egungoak zein dantzari ohiak, igoko dira Soreasuko oholtzara, uztailaren 1ean. Emanaldia 19:00etan hasiko da, eta Leila Iraola Itsasiko kideak azaldu duenez, "taldekide ohi askok" hartuko dute parte bertan. "Hasieran ez genuen pentsatzen urteurrena ospatzeko ezer berezirik egiterik, baina azkenean dei zabala egin genuen taldekide ohiengana iristeko, eta jende pila bat animatu da", azaldu du Iraolak. Era berean, deialdiaren berri jaso ez duen pertsonarik balego, haiengana iritsi ez izana "sentitzen" dutela esan du, eta emanaldiaren ostean egingo duten afarirako gonbidatu ditu. Horretarako, Itsasiko edozein kiderekin harremanetan jartzea besterik ez dutela gogoratu du Leila Iraolak.

Jose Mari Orbegozo, Amaia Gonzalez eta Dantzaki dantza eskolako ikasleak ere igoko dira Soreasuko oholtzara; horiek, uztailaren 9an, igandez, 20:00etan hasita. Joan den otsailean sei sarirekin itzuli ziren Orbegozo eta Gonzalez Torremolinosen (Malaga, Andaluzia) jokatu zen MueBT Dantza Txapelketatik. Bachata, merengue, salsa, cha-cha-cha zein vals, tango eta pasodoble modalitateetan lehiatu ziren, eta Espainiako eta mundu mailako sariak eskuratu zituzten. Horregatik, bi dantzari txapeldunak berriro Soreasun izango direlako ere, Azpeitia Dantzan berezia izango dela esan du Josu Labakak. Uztailaren 9ko ikuskizunean Brasilgo, Argentinako, Afrikako, Austriako, Espainiako eta Euskal Herriko hainbat dantza eskainiko dituzte. Jose Mari Orbegozok aurreratu duenez, 4 urtetik 70 urtera arteko 280 ikasle inguru igoko dira oholtzara. 

Dantza, plazara

Soreasu antzokira ez ezik, plazara ere iritsiko da Azpeitia Dantzan, uztailaren 15ean, Sahatsa Dantza Taldeko kideek eskainiko duten emanaldiarekin. Iaz ere aretotik kanpo eskaini zuten dantza ikuskizuna Sahatsakoek, eta Ainara Unanue taldekideak azaldu duenez, "esperientzia polita" izan zela ikusita aurten ere dantza plazara eramatea pentsatu dute. Sindikatu Zaharraren atarian hasiko da emanaldia, 20:00etan. Plaza Txikian pare bat dantza eskainiko dituzte, eta handik plazara mugituko dira, ikuskizunarekin jarraitzeko. Bidasoako, Lapurdiko, Bizkaiko eta Gipuzkoako dantza ezberdinak eskainiko dituztela aurreratu du Unanuek. 

Josu Labaka zinegotziak hiru dantza taldeei eskerrak eman dizkie "urte hauetan guztietan borondatez egindako lanagatik". Horrez gain, Itsasik, Sahatsak zein Jose Mari Orbegozok kulturari egin dioten ekarpena azpimarratu du. Bestalde, Azpeitia Dantzan egitasmora gerturatzeko gonbita egin die oraindik dantzaren mundura hurbildu ez diren herritarrei.