San Juan suaren bueltan jaialdia egingo dute ostiralean plazan

Uztarria.eus 2017ko eka. 20a, 12:28
Plazan egindako San Juan suaren irudia. (IƱaki Etxenagusia)

Sua eta tradizioa oinarri izango dituen jaialdia izango da. 20:00etan Orots taldeak emanaldia eskainiko du plazan, eta txotxa izango da. 22:00etan, berriz, dantza ikuskizuna izango da San Juan suaren bueltan. Urrestillan ere ez da festarik faltako.

Ostiralean, San Juan bezpera, urteroko usadioari jarraituz, suaren bueltan festa giroa izango da nagusi herriko hainbat txokotan. Plazan, esaterako, sua eta tradizioa oinarri izango dituen jaialdia izango da Udalak antolatuta.

20:00etan Orots taldearen emanaldia izango da plazan bertan, eta txotxa ere izango da plazan (janaria norberak eman beharko du). Ondoren, 22:00etan hasita, azken urteetan ohitura bihurtu den ikuskizuna eskainiko du Itsasi Euskal Kultur Taldeak. Tradizioan oinarritutako hainbat dantza eskainiko dituzte, hala nola San Juan Zortzikoa, Laukoa edo Axuri Beltza.

Horrez gain, hainbat euskal kanta ezagun ere eskainiko dituzte. Ikuskizuna amaitutakoan, Orots taldeak trikitixa piezak eskainiko ditu, eta sua ikustera gerturatuko diren herritarrek dantzarako aukera izango dute.

Urrestillan ere festarako tartea

Plazan ez ezik, Urrestillan ere ez da festarik faltako San Juan jaien bueltan. Sua piztu aurretik, 20:00etan,. poteo herrikoia egingo dute. Jarraian, 21:00etan pregoia irakurri eta festen hasierako suziria botako dute. Segidan, sabelak betetzeko herri afarirako tartea hartuko dute. Gauerdian sartuko dute San Juan arbola, plazan. Ondoren, San Juan sua piztuko dute frontoi aurrean, eta haren bueltan dantzaldia egingo dute. Festak Laketen erromeriarekin jarraituko du.