Ilunpek ez du lortu Berria Txapelketaren finalerako txartelik

Uztarria.eus 2017ko eka. 18a, 15:11
Ilunpeko pilotari batzuk. (Ilunpe)
Azpeitiko pilota elkarteko kideek ezin izan dute finalaurrekoetako kanporaketa gainditu, eta, beraz, ez dira txapelketaren finalean izango. 1 eta 2 galdu dute gaur jokatutako kanporaketa, Usurbilgo Pagazperen kontra.

Gaur, igandea, jokatu dituzte Azpeitiko Ilunpe pilota elkarteko kideek XIV. Berria Txapelketaren finalaurrekoak Usurbilen. Azpeitiarrek ezin izan dute Usurbilgo Pagazpe taldea mendean hartu, eta jokatutako hiru partidetatik bakarra irabazita, Ilunpekoak ez dira datorren igandean Hernanin jokatuko den finalean izango.

Lehen partida, kadeteetan, Unai Alberdi eta Mikel Unanue kadeteek jokatu dute, eta 15 eta 22 irabazi dute. Ohikoa ez bada ere, bigarren norgehiagoka seinorrek, Gorka Iriartek eta Daniel Murgiondok jokatu dute, eta 22 eta 12 galdu dute. Seniorrena hirugarren partida izan ohi da, baina jubenilek jokatu dute gaurko azken neurketa. Jon Alberdik eta Julen Egigurenek 12 eta 22 galdu dute.

Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan eta Berria Txapelketan, bietan aritu dira lehian Azpeitiko pilotariak azken asteetan. Herriarteko txapelketako finalaurrekoetako joanekoan, ostiralean, Ataunen aurka jokatu, eta 2 eta 1 nagusitu ziren azpeitiarrak. Itzulerakoaren zain dira Ilunpekoak, datorren ostiralean jokatuko baitituzte partidak Ataunen.