Mikel Garate eta Maider Korta nagusitu dira Urrestillako Sanjoanetako Herri Krosean

Uztarria.eus 2017ko eka. 17a, 22:28

Sanjoanen atarian, ekitaldi ugari ari dira egiten asteburu guztian, Urrrestillan. Hala, atzo, ostirala, esku pilota partidak izan ziren Txikuri frontoian, eta gaur ere egun osoan zehar hainbat hitzordu izan dituzte. Goizean, motorzaleen gozamenerako, enduro ikuskizuna izan dute, eta, arratsaldean, berriz, Sanjoan Herrio Krosa. Gizonezkoetan helduen lasterketako irabazlea Mikel Garate azkoitiarra izan da, eta emakumezkoetan, berriz, lehenen Maider Korta azpeitiarra.

Eguzkiak gogotik berotzen bazuen ere, jende andana animatu da Urrestillako Herri Krosean parte hartzera. 17:00ak pasatxoan hasi dira haurren lasterketak eta hainbat gaztetxok hartu dute parte. 0-6 urte bitartekoak izan dira irteten aurrenak, eta segidan benjaminen lasterketa, alebinena, infantilena, kadeteena eta jubenilena izan dira, hurrenez hurren. Parte hartu duten haur guztiei oroigarri bana eman diete antolatzaileek, eta horrez gainera, kirol-dendek emandako erosketa txartelak banatu dituzte. Helduien artean ere egin dituzte zozketak; hala nola, Egaña gozotegiko Inazio kaxak, eta bertako produktuekin osatutako zortzi saski. Bestalde, duela hamabost urte, Urrestillako herri krosa antolatzen hasi ziren Xabier Iturralde eta Xanti Auzrmendi omendu dituzte, urte guztiotan egindako lanagatik. Herri krosaren ondoren, Bentazaharreko Mutiko Alaiak kantujiran aritu dira. Lotura honetan ikus daiteke Urrestillako Herri Kroseko sailkapen orokorra.

Urrestillan sanjoanak ekainaren 23tik 26ra ospatuko dituzte, bete betean, baina atzo eta gaur ez ezik, bihar ere festan jarraituko dute Urrestillan, Jubilatuen Egunarekin. Eguraldi iragarpenaren arabera, gaur ez ezik bihar ere eguzkiak gogotik berotuko du, eta sagardo freskoa edanez bustiko dute zintzurra bihar goiz eta eguerdi partean, Urrestillara bertaratzen direnek. Ondoren, bazkaria eta kantaldia izango dituzte.

Hona hemen enduro ikuskizuneko, Herri Kroseko eta Bentazaharreko Mutiko Alaien kantujirako irudiekin osatutako bilduma: