Dozenaka motozalek parte hartu dute II. Azpeitia Motor Festibalean

Uztarria.eus 2017ko eka. 17a, 18:11

Gaur, goiz eta eguerdi partean, giro bikaina izan da, I. Ardo Txuri Egunaren harira, eta artean jendea jan-edanean ari zela, Ducati, Suzuki, Harley Davidson, BMW, Honda eta Yamaha markako dozenaka moto hasi dira bertaratzen Perez Arregi plazara. Bigarren urtez antolatu dute Azpeitia Motor Festibala, eta 15:30ak ondo jota zirela, eguneko txangoari ekin diote, Perez Arregitik Erdikalean gora. Pare bat orduren bueltan itzuliko dira plazara eta, 17:45ean, kontzertuen txanda iritsiko da. Bost taldek joko dute aurtengo jaialdian, afariarentzat tartea hartuta; AC/DC taldearen bertsioak jotzen dituen Black Ice taldearena izango da kontzertu nagusia, eta azkena. Honako hau da kontzertuen egitaraua eta ordutegia:

  • 17:45. Desira.
  • 18:45. Hyronika.
  • 19:45. Incursed.
  • Afaria.
  • 22:15. Marmok.
  • 23:30. Black Ice.