Giro onean ari dira ospatzen garagardo azoka gaztetxean

Uztarria.eus 2017ko eka. 16a, 14:43

Herenegun hasi eta lau egunez garagardo azoka ari dira egiten gaztetxean. Aurtengoa, garagardoaren festa antolatzen duten hamaikagarren urtea da, eta sarrera doakoa da. Asteazkenean, Barañaingo Brew&Roll ekoizleen eskutik, garagardo dastaketa egin zuten, eta atzo hasi eta zapatura bitartean, berriz, hamar artisau edari dastatu ahal dira: Ayinger beltza, gorrixka eta pilsnerra; Brew&rollen Apolo, Stones, Black hole eta Ipa-nema; Biribilen Mielotxin, Momotxorro eta Basajaun, eta Populus Ipa. Edateko ez ezik, sabelak betetzeko aukera ere bada gaztetxean, plater konbinatuak zein ogitartekoak prestatuko baitituzte. 

Egun bakoitzean musika mota ezberdinarekin girotuko dute Gaztetxea. Atzokoa, esaterako, gau mexikarra izan zen; gaurkoa irlandarra eta biharkoa rock gaua.