Arkupea, soinu berrien abaro

Uztarria.eus 2017ko eka. 16a, 13:57
Atzo aurkeztu zuten Arkupehotsak, Sanagustin kulturguneko Arkupean bertan.

Arkupehotsak egitasmoa aurkeztu du Kulturaz kooperatibak, Sanagustingo oholtza txikiaren bidez musika sortzaile hasiberriei "plaza duin bat" eskaintzeko helburuarekin.

Euskal Herriko musika sortzaile berriek nahiz garatze bidean dauden musika proiektuek erakusleiho berria izango dute Azpeitian. Kulturaz kooperatibak 2015ean jarri zuen martxan Sanagustin kulturguneko oholtza txikia, Arkupea, formatu txikiko ikuskizunei eta sortzaile berriei tokia eskaintzeko asmoarekin. Orain, agertokiari zein edukiari bultzada berria ematera doaz, Arkupehotsak egitasmoarekin.

Kulturguneko Arkupearen abaroan, musikari eta musika berriei "plaza duin bat" eskaini nahi diete. "Herriko, eskualdeko eta, oro har, Euskal Herriko sortzaileen dinamika aktibatzea" da Arkupehotsak egitasmoaren beste helburu bat, baita sortzaile berrien "erreferentzia puntu bat izatea" ere. "Euskarazko sorkuntzarako baliabideak jartzea eta euskal musikari hedapena ematea” nahi dute, “inguruan ditugun sortzaileei balioa eman eta beren jardunerako tresnak eskaintzea".

Atzo aurkeztu zuten egitasmoa Sanagustinen, eta martxan da dagoeneko Arkupehotsaken lehen edizioan izena emateko aukera ere. "Urtean bi deialdi izango dira, bata gaur bertan zabalduko duguna eta bestea azaro-abenduan. Deialdi bakoitzean hamar-hamabi musika talde eta bakarlari aukeratuko dira, eta horiekin osatuko da ondorengo sei hilabeteetan Arkupean izango diren kontzertuen programazioa", azaldu zuen Kulturazeko Aitor Bengoetxeak. Egitasmoan parte hartu nahi dutenek kulturaz.eus webgunean jarriko duten izen-emate orria bete behar dute. Hilabeteko epea dute horretarako.

"Abesten den hizkuntza edozein izanik ere, euskarak lehentasuna" izango duela aurreratu du Bengoetxeak. Aukeratzerakoan kontuan izango dituzten bestelakoen artean daude, besteak beste, "gazteen proposamenak, proposamen berritzaileak, musika adierazpen anitzak eta parekidetasun irizpideak".

Kontzertuak baino gehiago

Bi deialdiak kontuan hartuta, Arkupean urtean hamar edo hamabi kontzertu eskaintzea da antolatzaileen asmoa, "gutxi gorabehera hilabeteko maiztasunarekin"; emanaldi bakoitzean bi taldek edota bakarlarik hartuko dute parte. "Ekipamendu osoa, afaria eta promozioa" eskainiko dizkiete kontzertuak emateko aukeratutako taldeei. Irailean aurkeztuko dute lehen deialdiaren bitartez osatutako programazioa.

Baina kontzertu horiek ez dira Arkupehotsak egitasmoarekin musikari hasiberriei eskainiko dizkieten aukera bakarrak. Izan ere, urteko bi deialdietan aukeratuko dituzten 20-24 taldeetako bati diskoa grabatu eta 500 kopia argitaratuko dizkio Kulturaz kooperatibak; aukeratutako taldeak disko berria badu, berriz, bitarteko profesionalekin bideoklipa grabatzeko aukera eskainiko diote. Gainera, Arkupehotsaken parte hartzeko aukeratuko dituzten taldeetako batzuek, "gehienez bostek", aukera izango dute Sanagustingo agertoki nagusian talde ezagun baten aurretik jotzeko.

Hainbat bidelagun ditu Kulturazek egitasmo berrian. Horrela, taldeen aukeraketa Badok eta Musikazuzenean atari digitaletako lagunekin batera egingo dute; bi horiez gain, Gaztea irratiak eta Kultura Live Elkarteak ere lagunduko dute egitasmoaren hedapenean. Azpeitiko Udalaren eta Dinamoa Sormen Gunearen babesa ere badu Arkupehotsakek, herriko eta inguruetako hainbat sortzailerena eta eragilerena bezala.