Gorka Karapeto: "Euskal Herrian eskalada osasuntsu dagoela uste dut"

Urola Kostako Hitza 2017ko eka. 16a, 14:45
Gorka Karapeto.
Duela gutxi izendatu dute hautatzaile azpeitiarra, eta egin du debuta jada. Bihar Euskal Herriko Boulder Txapelketa izango da Karapeto bazkide den BiHatz eskalada gunean.

Eskaladaren sokan, ibilbide luzea du Gorka Karapetok (Azpeitia, 1981). Lehiak alde batera utzita baditu ere, eskalada du pasio eta ofizio; BiHatz eskalada gunea zabaldu zuen Iruñean duela hilabete batzuk. Orain, beste ainguraleku batetik pasatu du ibilbidearen soka; izan ere, eskaladako euskal selekzioaren hautatzaile izendatu berri dute.

"Bere ibilbidea ikusi besterik ez dago zergatik aukeratu dugun jakiteko". Irati Anda Euskal Mendi Federazioko zuzendari teknikoak esana da. Gustura al zaude kargu berriarekin?

Duela hilabete inguru esan zidaten, eta Zaragozan Espainiako Kopara egin nuen hautatzaile moduan lehen irteera. Lehenago ere ibili naiz txapelketetan, eta eskaintza egin zidaten. Hasieran, kargua hartu edo ez zalantzak izan nituen, baina probatzea eta ahal dudanean laguntzea erabaki dut. Eta, egia esan, gustura nago. Ez nengoen eskaintza horren zain, baina bat-batean iritsi zitzaidan aukera. Gogoarekin nago, batez ere, gazteen taldearekin aritzeko. Horiengandik gertu egoten eta haiek ni gertu senti nazaten saiatuko naiz.

Zein izango da zure egitekoa?

Selekzioan ez dago eskalatzaile guztientzat tokirik; maila bakoitzetik eskalatzaile kopuru jakin bat aukeratzen da. Beraz, hautatzaile lanak egitea eta kirolari horiekin txapelketa desberdinetara joatea egokituko zait. Horrez gain, prestatzen ere lagunduko diet. Eskalatzaileek beren entrenatzaileak dituzte, baina selekzioko taldea osatzean, haiekin arituko naiz.

Elkarrizketa osoa Urola Kostako Hitzaren webgunean irakur daiteke.