Tradizioa berrasmatzeko ariketa

Urola Kostako Hitza 2017ko eka. 15a, 15:20
Ainhoa Juaristik HAU ideia lehiaketa irabazi du. (Urola Kostako Hitza)

HAU diseinu lehiaketa irabazi du Ainhoa Juaristik. Artzainek lekaleak jateko erabiltzen zuten taloaskea garaikide bilakatu du. Proiektuak Donostiako San Telmo museoan ikus daitezke.

Euskal artzainek lekaleak edo egoskariak jateko erabiltzen zuten plater errektangularra da taloaskea. Antzinan Gorbeia inguruetako artisauek egiten zituzten pago zurezko ontziok, eta Ainhoa Juaristik (Azpeitia, 1994) tresna hura berrasmatu du. Hain zuzen ere, Bitamine Faktoriak antolatutako HAU diseinu lehiaketara aurkeztu zuen proiektua Industria Diseinuko Ingeniaritzako gradua duen eta Ingeniaritza Mekanikoko ikasketak bukatzen ari den azpeitiarrak, eta berak eskuratu du lehen edizioko saria.

Juaristi duela hiru bat hilabete hasi zen proiektuaren ideia lantzen, deialdiaren berri izan zuenean. “Ez zen lehiaketa batera aurkezten nintzen lehen aldia. Halakoetan koaderno bat hartzen dut, eta han idazten ditut ideiak, burura etorri ahala: materiala, forma, xehetasunak… Orri pila bat bete nituen”. Azpeitiarrak dioenez, prozesuaren zati hori da egitea “gutxien” kostatzen zaiona. “Ez naiz zehazki horretan pentsatzen egoten, baina pasatzen ditut asteak modu inkontzientean buruari bueltaka. Askotan pentsatzen dut ezer ez dudala egin eta asko dudala oraindik egiteko, baina, finean, hasierako lan hori da garrantzitsuena. Dena den, gainerakoa egiten ez baduzu, lana ez da islatzen, eta hilabetean gauzatu nuen proiektua: hiru dimentsiotako diseinua, prototipoan probatu, egingarria zen aztertu, proiektua idatzi…”.

Elkarrizketa osoa irakurgai, Urola Kostako Hitzan.