Elkarrekin Eraikitzen egitasmoa "finkatzen" ari dela adierazi du Iraurgi Berritzenek

Uztarria.eus 2017ko eka. 15a, 14:21

Elkarrekin Eraikitzen 2016-2017 egitasmoan garatu dituzten proiektuak aurkeztu dituzte gaur Urola Erdiko lau ikastetxek, Azpeitiko Udaletxean egin duten itxiera ekitaldian. Proiektuaren helburua da ikasleek bailarako egoera sozioekonomikoa ezagutzea, etorkizunera begira ahalik eta gaitasun gehien izan ditzaten. Hain zuzen, ikasleak lan mundura gerturatzeko asmoz, industriari, lehen sektoreari, osasun arloari, herriko merkataritzari eta beste hainbat jarduerari lotutako proiektuak egin dituzte 150 ikaslek baino gehiagok, eta bizitakoaren inguruko ondorioak plazaratu dituzte Azkoitiko eta Azpeitiko udal ordezkarien eta Iraurgi Berritzeneko kideen aurrean. Ondoren, mahai-ingurua egin dute ikasleek eta udal ordezkariek.

Azpeitiko ikastetxeei dagokienez, Azpeitiko Ikaskola Ikasberriko eta Iraurgi Ikastetxeko kideek egin dituzte aurten proiektuak —Azkoitia-Azpeitia Urola BHIk ezin izan du parte hartu aurten—. Ikasleek ez ezik, bailarako 40 eragilek eta 12 irakaslek hartu dute parte egitasmoan. Proiektuaren bidez, ekintzailetasunari lotutako balioak sustatu nahi dituzte, eta horretarako "metodologia berritzailea" erabiltzen dute, ikasleak protagonistatzat hartuta.

Iraurgi Berritzen Urola Erdiko garapen agentziak dinamizatzen du Elkarrekin Eraikitzen, eta aurtengoa laugarren urtea izan da. Egitasmoa dagoeneko "finkatu" egin dela azpimarratu dute Iraurgi Berritzeneko kideek, eta ikasleen eta eragileen arteko harremana gero eta hobeagoa dela esan dute.