Asteburuan jokatuko da infantil nesken IV. Azpeitia Cup futbol txapelketa

Uztarria.eus 2017ko eka. 15a, 14:12

34 taldek hartuko dute parte txapelketan, hala nola Lagun Onakek, Anaitasunak eta Bartzelonak. Partidak zelai artifizialean eta zelai naturalean jokatuko dira.

Datorren asteburuan, ekainaren 17an eta 18an, jokatuko da infantil nesken IV. Azpeitia Cup futbol txapelketa. Aurtengoan, 34 taldek hartuko dute parte. Horietatik batzuk Espainiatik eta Kataluniatik etorritakoak izango dira, Bartzelona, Espanyol eta Rayo Vallecano kasu. Euskal Herritiko taldeak, berriz, 24 izango dira, eta tartean daude Lagun Onak, Reala, Anaitasuna eta Athletic. 

Talde bakoitzak gutxienez lau partida jokatuko ditu, eta taldeko gehienez 15 jokalari eta bi teknikari arituko dira txapelketan. 09:00etan hasiko dira partidak, eta zelai artifizialean eta naturalean jokatuko dituzte. Txapelketako finala igandean izango da, 13:45ean hasita, Garmendipeko zelai naturalean.