Pilota, krosa, enduro ikuskizuna eta Jubilatuen Eguna, sanjoanen atarian

Uztarria.eus 2017ko eka. 15a, 13:35
Bentazaharreko Mutiko Alaiek kantujira eskainiko dute etzi, Urrestillako kaleetan.

Urtero legez, ekainaren 23tik 26ra ospatuko dituzte Urrestillan sanjoanak, baina asteburu honetan ere hainbat ekitaldi izango dituzte. Berrikuntza bezala aipatzekoak dira etzi egingo duten enduro ikuskizuna eta iazko huts egitea eta gero, aurten berreskuratuko duten herri krosa.

Urrestillan sanjoanak, urtero legez, ekainaren 23tik 26ra ospatuko dituzte, bete-betean, baina motorrak berotzen joateko, asteburu honetan ere hainbat ekitaldi izango dituzte.

Karnabalen ondorenean ekin zieten zortzi laguneko taldeak sanjoanak prestatzen hasteko bilerei. Urrestillako festa batzordeko kide Aitor Aranbururen esanetan, "hainbat berrikuntza" izango da aurtengo sanjoanetan.

Enduroa eta krosa, etzi

Usadioari jarraituz, bihar, Txikuri pilotalekuan, profesionalen arteko esku-pilota partidak izango dira. Eta etzirako ere beste bi kirol ekitaldi antolatu dituzte: enduro ikuskizuna eta San Joan Herri Krosa. Aranburuk adierazi duenez, "azken urteetan, herritar batek behin baino gehiagotan proposatu du enduro erakustaldia egitea, baina lehenago ez da horretarako aukerarik izan, eta aurten baiezkoa eman zaio". Motoziklismo modalitatean egiten den lasterketa moduko erakustaldia da enduro ikuskizuna. "Plazan hasi eta hilerritik barrena, ordubete inguruko ibilbidea egingo dute motozaleek". Enduro ekitaldia antolatzeko aseguruari dagokionez, "nahikoa oztopo" izan dutela kontatu du, eta segurtasun kontuengatik, hamalau lagunek parte hartuko dute, eta izen-ematea itxita dago.

Bestalde, Urrestillako jaietan ondo errotutako ekitaldietako bat da San Joan Herri Krosa, baina "antolakuntzako gora-beherak tarteko" iaz ez zuten egin. Aurten, ordea, hainbat herritarren "ahalegin finari esker", berreskuratu egingo dute proba. Larunbata baino lehen, www.herrikrossa.com webgunean eman daiteke izena hiru euro ordainduta. Egunean bertan, berriz, bost euro ordaindu beharko dira.

Krosa bukatu ondoren, festa girorik ez da faltako Urrestillan zapatuan, Bentazaharreko Mutiko Alaiek kaleetan zehar eskainiko duten kantujirarekin.

Jubilatuen eguna, igandean

Urtero legez, jubilatuen eguneko ekitaldiek ez dute hutsik egingo. Hala, 13:00etan hamaiketakoa eta 14:00etatik aurrera bazkaria eta kantaldia izango dituzte.

Hona hemen Urrestillan astebururako prestatu duten egitaraua:

Bihar, ekainak 16

22:00. Bi pilota partida izango dira Txikuri frontoian. Lehenengo, Ugalde eta Merino I.a, Errandonearen eta Irustaren kontra arituko dira; eta, jarraian, Irribarria eta Zabaleta, Altuna III.aren eta Rezustaren aurka.

Etzi, ekainak 17

10:00. Enduro ikuskizuna.
16:30. Krosa.
19:30. Benta Zaharreko Mutiko alaiekin kantujira.

Ekainak 18, igandea

13:00. Hamaiketakoa.
14:00. Bazkaria.
Ondoren, kantaldia, trikitilariekin.