Gerra Zibilean Gernikako hilerrian lurperatutako lau gudari azpeitiar omenduko ditu Foru Aldundiak

Uztarria.eus 2017ko eka. 15a, 15:18

Eusko Gudarosteko Loiola, Amaiur, Itxarkundia eta Sasetako batailoietan borrokan aritu ziren gudariak omenduko ditu aldundiak. Guztira, 82 gudarik jasoko dute aitortza, eta horietatik lau dira azpeitiarrak: Francisco Iparragirre Orbegozo, Jose Urbieta Etxezarreta, Dionisio Urbistondo Lasa eta Leandro Plazaola Zubizarreta.

1936ko gerran eta ondorengo urteetan Gernikako hilerrian lurperatu zituzten Eusko Gudarosteko gudariei aitortza egingo die Gipuzkoako Foru Aldundiak zapatuan, ekainaren 17an. 

Aitortza ekitaldian omenduko dituzten gudari gehienak Eusko Gudarosteko Loiola, Amaiur, Itxarkundia eta Saseta batailoietan borrokan aritu zirenak dira. Foru Aldundiak azaldu duenez, batailoi horietako gudariak borrokan aritu ziren Legutioko ofentsiban, Asturiaseko espedizioan eta 1937ko martxoko ofentsiba frankistaren kontra. Horietan hildako hainbat gudari Gernikako hilerrian lurperatu zituzten, 82 gudari guztira. 

Aitortza jasoko duten 82 gudarietatik lau dira azpeitiarrak: Francisco Iparragirre Orbegozo (Itxarkundia batailoia), Jose Urbieta Etxezarreta (Loiola batailoia), Urrestillako Dionisio Urbistondo Lasa (Loiola batailoia) eta Leandro Plazaola Zubizarreta (San Andres batailoia). 

Foru Aldundiak azaldu duenez, frankistak Gernikan sartu ostean, gorputzak Gernikako hilerriko hilobietatik atera eta hobi komun batean sartu zituzten. "Omenduko diren gudariak 80 urtez egon dira aitortzarik jaso gabe, eta kasu askotan, beraien familiek ere ez zekiten bertan zeudela", adierazi dute. Aurreratu dutenez, zapatuko ekitaldian plaka bat jarriko dute Gernikan lurperatu zituzten gudarien izenekin, "beren historia ahaztu ez dadin".