Urola Ikastolak Eskola Jasangarria ziurtagiria berritu du

Uztarria.eus 2017ko eka. 15a, 12:41

Urola Ikastolak Eskola Jasangarria ziurtagiria jaso zuen joan den ekainaren 6an, Urdaibaiko Euskadiko Biodibertsitate Zentroko auditorioan ospatutako ekitaldian. Urola Ikastola BHI Eskola Agenda 21 proiektuan aritu da 2003. urteaz geroztik, eta aurten, 2013. urtean lortutako aitortza berritzea izan dute helburu. Marixol Zubizarreta Urola Ikastolako Eskola Agenda 21eko koordinatzailea izan zen ekitaldian ziurtagiria jasotzeko arduraduna, eta bertan, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriola eta Hezkuntzako sailburu Cristina Uriarte izan ziren. 

Eskola Jasangarria agiriarekin Eskola Agenda 21 programan nabarmentzeko esperientziak dituzten eskolak goraipatzen dira.  Proiektuarekin ezagutu nahi dituzte ikastetxeen lanak, prozedurak, esperientziak, eskolen hezkuntza, partaidetza eta jasangarritasun kalitatea. Urola Ikastolak XXV. topaketetan hartu zuen parte, maiatzaren 5ean, ikastetxeko bioaniztasunaren trataera azalduz.