450 gaztetxo inguruk hartuko dute parte Iraurgi SBren Topaketetan

Uztarria.eus 2017ko eka. 14a, 19:31
Iazko ISB Topaketetako irudia.

Zapatuan eta igandean, hilaren 17an eta 18an, jokatuko dute txapelketa. Bertan parte hartuko dute 2006, 2007 eta 2008 urteetan jaiotako hamar klubetako neska-mutilek. 

Iraurgi Saskibaloi Taldearen Topaketak egingo dituzte asteburuan, ekainaren 17an eta 18an. Txapelketan parte hartuko dute 2006, 2007 eta 2008 urteetan jaiotako neska-mutilek, guztira, 450 inguru gaztetxok. Parte-hartzaileen artean dira ISB, Amurrio, Aguilas, Tabirako, Balmaseda, Easo eta Ordizia taldeak.

Zapatuan, 09:00etan hasita, goiz eta arratsaldez jokatuko dituzte multzokako faseko partidak, kiroldegian eta Urola Ikastolan. Eguerdian, parte-hartzaile guztiak Sanagustin kulturgunean elkartuko dira, bazkaltzeko. Igandean, berriz, finalaurrekoak eta finalak izango dira. 14:00etan kiroldegian egingo duten sari banaketa ekitaldiarekin amaituko dira aurtengo ISB topaketak.

ISBk 2014an antolatu zituen aurrenekoz saskibaloi topaketak.