Karmelo Etxegaraik, Urolak eta Ikasberrik asteburuan egingo dituzte ikasturte bukaerako jaialdiak

Uztarria.eus 2017ko eka. 13a, 14:20
Karmelo Etxegaraikoek iaz egin zuten jaialdiko irudia.

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraik eta Urola Ikastola BHIk ostiral iluntzean kiroldegian egingo dute ikasturte bukaerako jaialdia. Azpeitiko Ikastola Ikasberriko kideek, berriz, egun osoko jaiaz gozatuko dute larunbatean.

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraik eta Urola Ikastola BHIk ikasturte amaierako jaialdia egingo dute ostiralean, hilaren 16an, Azpeitiko kiroldegian. 19:00etan hasiko da emanaldia, eta ehunka umek dantzaz eta kantuz alaituko dute gunea. Ondoren, ohiko legez, Batxilergoko ikasleei orlak banatuko dizkiete. Karmelo Etxegaraiko ordezkariek jakinarazi dutenez, toki arazoak direla-eta, sarrerak mugatuak dira eta dagoeneko banatu dituzte familien artean.

Bestalde, larunbatean egingo dute Azpeitiko Ikastola Ikasberriko ikasleek, irakasleek eta gurasoek ikasturte bukaerako jaia. 11:00etan hasiko dute festa, suziria botata eta pregoia irakurrita, eta ikasleek aurreskua egingo dute. 11:15ean orlak banatuko dizkiete Batxilergoko ikasleei, eta ondoren Haur Hezkuntzako ikasleek ekitaldia eskainiko dute. 12:00etarako haurrentzat, irakasleentzat eta gurasoentzat jolasak eta tailerrak prestatu dituzte.

Segidan, 13:45ean, bazkaltzeko tartea hartuko dute Haur Hezkuntza 3. mailatik Lehen Hezkuntza 6. mailara arteko ikasleek. 14:30ean, berriz, gainerakoek bazkalduko dute. Bazkalostean, 15:00etatik 18:00etara, tailerrak eta puzgarriak izango dira ikastolan bertan. 16:00etan, aldiz, antzerki emanaldiaz gozatu ahal izango dute bertaratzen direnek. 17:00etan, Ikastolako Izarrak emanaldia izango da, eta egunari bukaera Kupela taldearen erromeriarekin emango diote. Ikasberriko kideek azaldu dutenez, egun osoan zehar txosna zabalik izango da ikastolan.