Gorka Karapeto eskaladako euskal selekzioko hautatzaile izendatu dute

Uztarria.eus 2017ko eka. 13a, 12:38
Gorka Karapeto. (Urola Kostako Hitza)
Euskal Mendi Federazioak hautatu du azpeitiarra, eta azken urteetako hautatzaile Josean Mulas ordezkatuko du.

Gorka Karapeto (Azpeitia, 1981) izendatu berri dute eskaladako euskal selekzioko hautatzaile. Hain zuzen ere, Euskal Mendi Federazioak hautatu du azpeitiarra, eta azken urteetako hautatzaile Josean Mulas ordezkatuko du postu horretan. Iaz utzi zuen kargua Mulasek, eta ordutik hutsik egon da postua.

Irati Anda da Euskal Mendi Federazioko zuzendari teknikoa, eta hark Berriari azaldu dionez, oso garbi dauka zergatik hautatu duten Karapeto: "Bere ibilbidea ikusi besterik ez dago zergatik aukeratu dugun jakiteko. Eskaladan darama bizitza osoa, lehiaketetan oso emaitza onak lortutakoa da, eta ilusio handia du hautatzaile lanerako. Ezinbestekoak diren ezaugarriak ditu Gorkak. Pertsona oso jantzia da, eta ez dugu asko pentsatu beharrik izan. Freskotasuna emango dio selekzioari".

Urtebeteko etenaren ostean, Euskal Herriko Boulder Txapelketa jokatuko da larunbatean Iruñeko BiHatz eskalatzeko horman. Han izango da, besteak beste, Eneko Carretero zumaiar eskalatzailea.

Urola Kostako Hitzak Karapetori egindako elkarrizketa argitaratuko du ostiralean.