Asteazkenean hasiko da lau egunez luzatuko den garagardo festa, Gaztetxean

Uztarria.eus 2017ko eka. 12a, 20:25
2015eko garagardo azokako irudia. (Maialen Etxaniz)

Guztira, hamar artisau garagardo probatzeko aukera egongo da datozen egunetan. Brew&Roll ekoizleen eskutik, garagardo dastaketa egingo dute asteazkenean, 19:00etan hasita. Sarrera doakoa izango da. Edariak ez ezik, sabelak betetzeko aukera ere izango da Gaztetxean.

Ate joka dago urtero Gaztetxean egiten duten garagardo azoka. Aurtengoa, garagardoaren festa antolatzen duten hamaikagarren urtea da, eta asteazkenean, ekainaren 14an, irekiko ditu ateak, garagardo dastaketarekin.

Brew&Roll Barañaingo gazte batzuk abiatutako proiektua da, eta beraiek ekoiztutako garagardoak probatzeko aukera egongo da asteazkenean, 19:00etatik aurrera. Sarrera doakoa izango da. Ostegunetik zapatura bitartean, aldiz, hamar artisau edari egongo dira Gaztetxeko azokan. Antolatzaileek aurreratu dutenez, hauek dira dastatu ahal izango diren garagardoak: Ayinger beltza, gorrixka eta pilsnerra; Brew&rollen Apolo, Stones, Black hole eta Ipa-nema; Biribilen Mielotxin, Momotxorro eta Basajaun, eta Populus Ipa. Edateko ez ezik, sabelak betetzeko aukera ere egongo da, plater konbinatuak zein ogitartekoak prestatuko baitituzte. 

Egun bakoitzean musika mota ezberdinarekin girotuko dute Gaztetxea. Ostegunekoa gau mexikarra izango da, ostiralekoa irlandarra eta zapatukoa rock gaua. Horrez gain, "joko ugari eta giro paregabea" egongo direla aurreratu dute gaztetxeko kideek.