Bolumen handiko hondakinak ez dituzte kaleko edukiontzietatik jasoko uztailaren 1etik aurrera

Uztarria.eus 2017ko eka. 12a, 13:54

Urola Erdiko Mankomunitateak aldaketak egingo ditu bolumen handiko hondakinen bilketari dagokionez, eta uztailaren 1etik aurrera ez dituzte kaleko edukiontzietatik jasoko. Horren ordez, herritarrek Garbigunera eraman beharko dituzte, edo Emauseko biltzaileak etxez etxe joango dira hondakinak jasotzera. Kasu horretan, aurrez hitzordua hartu behar da, 656-78 95 74 telefonora deituta.

Mankomunitateak adierazi duenez, bolumen handiko hondakinak kaletik ez jasotzeko arrazoi nagusia da hondakinen %98a errefusara botatzen dela, "egoera txarrean daudelako". "Altzariak kalera ateratzeko desmuntatzean apurtu egiten dira sarri, eta kalean bestelako kalteak ere jasaten dituzte altzari eta etxetresna elektrikoek (euria, apurketak, lapurretak…) ", esan dute.

Hain zuzen, Emausek hondakin horiek "modu egokian" desmuntatzen dutela adierazi dute, eta zerbitzua "erosoa eta doakoa" dela azpimarratu dute. Azpeitiko Garbigunean, berriz, honako ordutegian utzi daitezke honakina: astegunetan 09:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 18:00etara, eta larunbatetan 10:00etatik 13:00etara bitartean.