Umeak, gurasoak eta gaztetxoak korrika, Peruren alde

Uztarria.eus 2017ko eka. 11a, 16:14

III. Kros solidarioa egin dute gaur, igandea, Sanjuandegin, Xeye atletismo taldeak, XJ Auzolanean taldeak, Azpeitiko Udalak eta Azpeitiko Kooperazio Taldeak antolatuta. Aurtengoan, Peruko umeen alde prestatu dute lasterketa, eta beroari aurre eginda, 130etik gora parte hartzaile irten dira korrika. Txikienak, 2013. urtean jaiotakoak, izan dira aurrenak lasterka irteten, eta helduen laguntza izan dute elkartasun lasterketan parte hartzeko. Ondoren, mailaz maila, 2003an jaio artekoek izan dute lasterka egiteko aukera. 

Parte-hartzaileak korrika ari ziren bitartean, bigarren eskuko azoka solidarioa eta Peruren aldeko pintxoak dastatzeko aukera egon da Jose Antonio Agirre plazan, Peru Ekin taldeak prestatuta.

Lasterketa solidarioaren hirugarren edizioa izan da gaurkoa. Aurreneko urtean, Nepalgo umeen aldeko krosa izan zen; iaz, Saharako haurrei laguntzeko eta Tindufeko errefuxiatu kanpamenduetan izandako uholdeetako ezbeharrei laguntzeko antolatu zuten lasterketa.